‘Sirena-hotsak’, Xabier Etxaniz Rojoren azkena

etxanizrojo

Xabier Etxaniz Rojok (Trintxerpe, 1971) Sirena-hotsak izeneko narrazio bilduma argitaratu du Erein argitaletxearekin. Lau ipuin jasotzen ditu liburuak, gaur arte argitaratu izan dituenak baino luzexeagoak, orain horrela “ateratzen” zaizkiolako, egileak berak adierazitakoaren arabera. Narraziook ez dute elkarren arteko harremanik, bi ezaugarri berdin ez badira: lauretan ageri dela “egiaren bilaketa”, era batera edo bestera, eta errealitatearekin lotzen dituen “hari txiki-txiki bat” dutela guztiek ere.
Etxaniz Rojok ipuingintza jorratu du batez ere bere literatur ibilbidean: Begiak itxi eta kitto (Elkar, 2000) eta Ereinek argitaratutako Hamar manamenduak (2002), Nork bere ozeanoa (2006) eta Txatartegirako ipuinak (2010). Bestalde, 2003an Donostia Opera Prima saria ekarri zion eleberri bat ere kaleratu zuen: Koadro isila (Erein). Halaber, nazioarteko adopzio bati buruzko istorioa kontatu zuen Ekialdetik iritsi zen Enara (Alberdania, 2008) kronika liburuan.