Zer da aizu!

AIZU! oinarrizko euskaraz idatzitako aldizkaria da, euskara ikasten ari den edota euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen ororen lagungarri. AEK-k argitaratu eta doan banatzen du hilero bere ikasleen artean. Ikasleentzat ez ezik, euskara irakasleentzat ere eskolarako material iturri garrantzitsua da

AIZU! aldizkariak urtean hamar ale kaleratzen ditu (hileko bat, abuztuan eta urrian izan ezik), eta batez ere gizarte eta kultura gaiak lantzen ditu, erreportaje, elkarrizketa eta albiste laburren bidez. Komikiak, denbora-pasak eta euskal gramatikaren inguruan sortzen diren zalantzak argitzeko txokoa ere biltzen ditu bere orrietan, eta AEK-ko ikasleek egindako lantxoak ere argitaratzen dira tarteka-marteka. Testu guztiak daude euskara errazean idatzita eta hiztegi sarreratxoen laguntza dute, hitz eta egitura zailenak ulertu ahal izateko. Guztira, hilean 11.000 aletik gora banatzen dira ikasle, irakasle eta harpidedunen artean.

AEK-ko ikasleek doan jasotzen dute aldizkaria euskaltegian, baina harpidetza bidez ere jaso daiteke norberaren etxean, irakurle ororentzako moduko aldizkaria baita.