Adiskide bat nuen

adiskideJoxean Agirre
Elkar, 2013

Sexua eta politika. Nork ez luke gustura irakurriko bi gai horiei buruzko eleberri bat? Baldin eta ondo idatzita badago, jakina. Bada, aurretik esan dezadan, ondo idatzita dago Joxean Agirreren Adiskide bat nuen. Hizkuntza modu dotorean erabiltzen du idazleak, aberats baina handigura barik.
Errealitatea eta fantasia tartekatzen ditu protagonistak, protagonista bainoago narratzaileak, gauzak probokatu baino datozen bezala hartzen dituen horietakoa baitugu: Garibaldi adiskidearen klandestinitateko bizitzaren gorabeherak zein klandestinitatean bizi ez zen beste Garibaldirenak; emaztearekin daukan harremana zein emazteak haren entrenatzailearekin daukana; edota protagonistak berak Saguesko neskarekin amesten dituenak, esaterako, kontatzen dizkigu umore fin eta mingotsez. Horien guztien erdi-erdian dago Marenekin (Garibaldiren alabarekin, alegia) haren aita ikustera egiten duen bidaia.
Beraz, sexu eta politikaz gain, literatura, filosofia, psikologia... maite dituzuenontzat ere, irakurgai arin bezain interesgarria. Batez ere lotsatiak bazarete; gogoangarria da abioian narratzaileak Marenekin daukan lotsa eta lotsatiei buruzko elkarrizketa, zinez.
Bitxikeria bat: Garibaldi ezizena izanik, ezetz aurkitu, Marenena salbu, beste pertsonaia baten izenik!

Igor Elordui


 


I.E.


ERLEA 7

erleaHainbat egile
Euskaltzaindia, 2013


Aldizkariaren zazpigarren zenbakiak bi ardatz nagusi ditu. Batetik, kanpotik etorritakoen seme-alabekin hitz egin dute. Hala, Atxaga zuzendariak berak sinatzen duen Objektuak atalean, Antonia Manoti, Jon Paredes Txikiren amari, egindako elkarrizketa argitaratzen da. Gai horretaz mintzatzen dira, halaber, Juan Carlos Perez, Jose Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun edota Mari Romero, bestak beste. Bestetik, leku bat zabaldu diete antologiei Koldo Izagirre, Asun Garikano, Jabier Kaltzakorta, Lourdes Otaegi edota Iñaki Sarriugarteren testuekin.

 

BERRIRO ETA BEHIN

berriroJoxe Austin Arrieta
Txalaparta, 2013


HUHEZI fakultateko lagunek euskal kulturgintza modernoaren transmisioari buruzko hitzaldia emateko eskatu zioten Arrietari; eta Euskaltzaindiak, berriz, Txillardegiren hil berri txostena idazteko. Liburu honetan biltzen dira bi saiakera horiek. Orriotan daude jasota gure hizkuntzaren eta herriaren kronika pertsonal bat, Txillardegiren obrari buruzko zenbait hausnarketa eta gerraosteko belaunaldiaren lorpen handiaren argazki bat: mundu ikuskera galdu edo apurtu baten berreskuratzea eta berri baten eraikitzea: euskararen unibertsoarena.