Giza eskubideak

200 milioi emakume eta neskatok pairatu dute ablazioa

Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak jakinarazi duenez, munduan gutxienez 200 milioi emakume eta neskatori egin diete ablazioa. 2014ko datuekin alderatuta, 70 milioitan igo da kopurua. Ablazioa jasan dutenen erdiak hiru herrialdetan bizi dira: Egipto, Etiopia eta Indonesian. Nolanahi ere, emakumeen genitalen erauzketa askoz herrialde gehiagotan dago indarrean. Unicefen arabera, 30 herrialdetan, zehazki. Otsailaren 6an, Ablazioaren Aurkako Nazioarteko Egunean, ezagutarazi zituen datuok Unicefek txosten batean. Ablazioa jasan dutenen artean, 44 milioi 14 urtetik beherako neskak dira. Zenbait herrialdetan, gainera, ablazioa egin dieten neskatoen kopurua izugarri handia da. Indonesian, adibidez, 11 urte baino gutxiagoko neskatoen ia erdiei egin diete. Unicefek azaldu duenez, azken 30 urteotan gutxitu egin da praktika, eta hainbat herrialdetan legez debekatu dute, baina oraindik ere neurriak hartu behar dira guztiz desagerrarazteko. Gainera, aipatu erakundeak dio munduko biztanleriak gora egin ahala, eta egungo joerek bere horretan jarraitzen badute, ablazioa sufritzen dutenen kopuruak ere gora egingo duela, nahiz eta kontrako neurriak ugaritu ia mundu osoan. Ablazio mota ezberdinak daude, denak ere desagerrarazi beharrekoak. Izan ere, osasunerako oso arriskutsuak izateaz gain, giza eskubideen urraketa larriak dira. Unicefeko zuzendaritzako kide Geeta Rao Guptaren hitzetan, “eskualdeen eta kulturen arabera aldatu egiten da emakumeen genitalen erauzketa, eta, zenbait motaren kasuan, heriotza eragiteko arrisku potentziala dute. Halere, kasu guztietan urratzen dituzte emakumeen zein neskatoen eskubideak”. Hala, ablazioaren kontra egiteko ahaleginak areagotzeko eskaera egin die munduko gobernuei, osasungintzako profesionalei, komunitateetako buruzagiei, gurasoei eta familiei.