Santutxuko AEKren erakusketan, 50 urteko historia

santutxuBilboko Santutxu AEK euskaltegia 50. urteurreneko ospakizun eta ekitaldietan murgilduta dabil ikasturte honetan. Hori dela-eta, besteak beste, erakusketa bat antolatu dute, bost hamarkadotan euskara irakasteko erabili dituzten metodologiaren eta material didaktikoaren inguruan. Martxoaren 12an inauguratuko dute, Santutxuko Iturriaga eta Karmelo kaleen arteko izkinan, goizeko 11:00etan. Bertan egongo dira ikusgai hori guztia erakusteko hainbat panel, kronologikoki ordenatuak. Panelotan azalpen laburrak eta garaian garaiko argazkiak egongo dira, eta bakoitzaren ondoan mahai bat, panelari dagokion garaiko liburu, hiztegi eta abarrekin. Hantxe izango dira, halaber, euskaltegian inoiz irakasle ibilitakoak ere, azalpenak ematen, erakusketara hurbiltzen diren guztiek euskara eskolak nola ematen ziren ezagut dezaten. Bitartean, inguruan kokatutako bi pantailatan 50 urtean euskaltegian bildu diren argazkiak erakutsiko dituzte. Seguru auzotar batek baino gehiagok ikusiko duela bere burua horietako baten batean! Hurrengo astean ere bisitatu ahal izango da erakusketa Santu-txuko udaltegian, martxoaren 17tik 19ra.