Guztiz txirene naiz

karmeleKarmele Larrinaga
Aktorea

Goenkaleko Axun pertsonaiak egin zuen ezagun Larrinaga (Bilbo, 1964). Berandu hasi zen ogibidean, antzerkiak eta ikuskizunak txikitatik erakarri bazuten ere: “Ezinezko amets moduan ikusten nuen”. 2003an BilboEszenan trebatzen hasi zenetik aritu izan da ikuskizunaren munduan, lehenik amateur eta ondoren profesionalki. Aurretik, hamaika lanetan aritu izan da, “beti jendearekin harremanetan”: dendari, ostalari... Gaztetatik koruetan ibilitakoa, kantua ere lantzen du, baita dantza ere; antzerki musikal eta kabaret askotan parte hartu izan du. Egun, besteren artean, ETB1eko Eskamak kentzen telesailean ikus dezakegu.

Txikitako ametsa bete duzu. Pozik?
Bai. Aita, Luis Larrinaga, margolaria eta eskultorea zen, argazkilaria ere bai... eta beti bizi izan dugu etxean arte giroa: musika, antzerkia, artearen edertasuna... Azkenean, hauxe egiten amaitu dut. Beti aurkitzen dugu gure bidea, eta hau da nirea.
2014ko inauterietan Zaranbolas izan zinen, bizimodu onaren eta bizipozaren ikur bilbotarra. Antzekotasunik bai?
Bai, asko. Bizitza disfrutatzen dut, edozein gauzarekin gozatzen dut: lagunekin, pasieran.... Gauza onak guztiak gustatzen zaizkit: musika, janaria, antzerkia, zinema...
Bilbotar peto-petoa zara. Txirene adjektiboa ongi egokitzen da zure izaerara?
Kar-kar! Bai, guztiz txirene naiz! Niretzako definizio zoragarria da.
Horren txirene izanik, nolatan dituzu gustukoago pertsonaia gaiztoak?
Zarenaren kontrakoa egitea zoragarria da. Pertsonaia oso onak izaten dira zurekin zerikusirik ez daukatenak. Filmetako gaiztoa beti da antzezteko ederra. Nik beti egiten ditut gaiztoak, ez dakit zergatik. Baina askoz ere erakargarriagoak dira.
Berriki, bi titiritero kartzelan sartu dituzte Espainian. Garai txarrak kabaretarentzat?
Ez, guztiz kontrakoa: garai zoragarriak dira. Bizitzen ari garenarekin, horiek guztiak salatu egin behar dira, eta kabareta eta antzerkia hori egiteko bidea dira. Arazoak azaleratu egin behar dira, eta jendeak ikusi egin behar ditu. Jendeak nahi du egungo egoera islatzea, eta horretaz barre egin. Beraz, nire ustez, garai onak dira.
Zerk erakartzen zaitu kabaretetik?
Maite ditudan hiru gauzak egiten ditut kabaretean eta musikaletan, eta denak batera: antzeztu, abestu eta dantzatu. Abesteak poztasun izugarria ematen dizu.
Ba al da bizitzarik Goenkaleren ostean?
Badago. 21 urteren ostean giro bikaina zegoen platoan, familia bat ginen. Ni azken 3 urteotan egon naiz, baina taldean jende asko hasieratik zebilen eta gogorra izan zen amaitzea. Baita ikusleentzat ere, noski. Oraindik jende askok aipatzen dizkit Axun nire pertsonaiaren kontuak, penaz. Baina beno, Aitaren etxea telesail zoragarria eman dute, eta orain Eskamak kentzen. Konturatzen zara gauza berriak egin behar direla, eta beste istorio batzuk kontatu.
Erretiroa, oholtza gainean?
Bada, bai. Tragiko jarrita, jubilatu edo hil, kar-kar! Adina aldeko daukat: jende gazte asko dago, baina nire adineko aktoreak gutxiago gara. Gainera, nire profila ere ondo datorkit: desberdina naizenez, ona da nire-tzat lana izateko. Beraz, egingo ditut amamak, birramonak eta... Lana aterako zaidalakoan nago, eta, ahal dela, edozein kabaretetan jubilatuko naiz.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Lagunek.
Eta tristatu? Munduaren egoerak.
Zerk eragiten dizu barrea? Hainbat gauzak, kar-kar! Barre asko egiten dut, gero eta gehiago.
Eta negarra? Tristurak, galdutako pertsonen hutsuneak; nire kasuan, galdutako senideek.
Zerk haserrarazten zaitu? Egoera politikoak eta ikusten ditudan injustiziek eta izugarrikeriek; zelan dagoen bizitza. Penagarria da zer nolako lotsagabekeria dagoen.
Bizio bat: Erretzea.
Aktore bat: Mikel Losada eta Elena Irureta.
Genero bat: Musikala, zalantzarik gabe.
Antzezlan bat: La vida alegre, iaz Arriagan egin genuen opereta.
Eñaut Mitxelena