Elizarenak ala herritarrenak?

ikamika

Nafarroan hasi bazen ere, Elizaren ondasunen jabetzaren inguruko aferak soka luzeagoa du. Eusko Legebiltzarrak eskuratu berri du Elizak bere izenean immatrikulatu dituen ondasunen zerrenda, hots, erregistroan lehen aldiz inskribatu diren ondasunena. EAEn, 1978tik, 525 guztira. Horietatik 68 Gipuzkoako Goierrin, 1983 eta 1997 urteen artean: gehienak elizak eta ermitak dira, baina badira etxeak, baratzeak eta lursailak ere. Hainbatek salatu du ondasun horiek inskribatzeko lege pribilegioak izan dituela Elizak eta, 1998ko lege aldaketa bat tarteko, immatrikulazioak areagotu egin zirela. Urte luzez, tokian tokiko herritar eta auzotarrek zaindu izan  dituzte ondasun horietako asko, baina legea probestuta bere egin ditu Elizak. Zer iruditzen zaizu haren jarrera? Beasaingo Goiztiri AEK-ko B1 mailako ikasleak

1. Iñaki

Eliza zenbat eta urrutiago, orduan eta egokiago denontzat. Eliza eta beraren inguruko jendea itxurakerietan dabiltza, lapurtzat ere hartzen ditut batzuetan.
Itxura gauza bat da, eta gero egiten dutena beste bat.

2. Montse

Onartezina da, herritarrok elkartu beharrean gaude bidegabekeria ekiditeko. Bestalde, ziur nago Eliza barruan ere izango dela bestelakorik pentsatuko duenik. Horien hitza ere entzutea garrantzitsua izango litzateke herritarrentzat.

3. Gorka

Eliza mundu osoko lantegirik handiena da, eta mendeetan boterearen ondoan egon da. Mundu zabaleko gobernu askoren erabakietan giltzarria izan da, eta gure kulturan errotuta dago: bataioa, jaunartzea, sendotza, ezkontza eta heriotza. Hainbat erlijio dago, baina denek berdin jokatzen dute. Datozen belaunaldiekin aldaketa gertatuko delakoan...

4. Patxi

Eliza, bai eraikin handia eta dotorea! Baina nork mantendu horrela? Herritarrek, ezta? Eraikin horiek herritarrenak dira, baina berriro egin dugu topo Elizarekin! Lapurrak dira, OHZ zerga ere ez dute ordaintzen. Atera kontuak!

5. Armando

Ez zait batere egokia iruditzen, eurek ere ez dute sinesten kristau-ikasbidean: Jesukristo ondasunik gabe bizi zen. Legea aldatu beharra dago, Aznarren garaitik baitator. Jabetza-erregistrora jo eta 1978 aurretiko jaberik agertzen ez bada, ondasun hori automatikoki izan behar da herriarentzat. Jabeduna izanez gero, eta Elizari badagokio, berarentzat.

6. Pepi

Elizak beti egin izan du nahi duena, gustuko duena herritarrei kendu, izan elizak, etxeak, ermitak, inguruko lursailak edo dena delakoa. Auzolanean zenbat lan egin den ondasunak egoki kontserbatzeko, eta orain berarentzat hartu? Hori egiteko beti izan dituzte pribilegioak goiko boteredunek! Eusko Jaurlaritzak, hori guztia jakinda, zergatik onartu du halakorik?