Baserri Antzokia, euskararako lanabesa

eraikina

Hamaika bilera, ideia, eztabaida, buruhauste, zirriborro, barre, algara, aldaketa eta egokitzapenen ostean, Txorierriko Baserri Antzokia bidean da, eta, hil gutxi barru, errealitate izango da. Iazko urriaren 30ean ipini zuten Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean (Derio, Bizkaia) Baserri Antzokiaren lehenengo harria; gauzak ondo bidean, maiatzean egongo da amaituta. Ateak, berriz, ekainean zabalduko dituzte. Hala, Sondika, Loiu, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko euskaltzaleek topaleku berria izango dute: Txorierriko arnasgunea. Txomin Aramaio.

Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak abiatu dute proiektua. Totoan Federazioa bost euskara elkartek osatzen dute: Tximintx, Lagatzu, Altzora, Zorrizketan eta Arrekikilik. Mankomunitatea, ostera, eskualdeko herriek. Proiektua aurrera eramateko, Baserri Antzokia Fundazioa eratu dute, Xabier Goienetxe izendatuta lehendakari.
Totoan Fundazioak urteak daramatza Txorierriko euskararen aldeko lana egiten eta, bide horretan, hainbat proiektu bultzatu ditu. Besteak beste, Aikor aldizkaria sortu zuten 2001ean (7.000 ale banatzen dituzte hilero); gero, Berbalagun egitasmoa eraman zuten Txorierrira (140 lagun dabiltza mintzapraktika egitasmoan); Futbola, oinarritik euskaraz entrenatzaileentzako liburua eta ekimena ere sortu  zuten (umeek euskaraz entrenatu ahal izateko); eta, orain, Baserri Antzokiarekin dabiltza buru-belarri. Giro euskalduneko aisialdiaren erreferentziazko topagunea sortzea dute helburu, eta ahalegina egingo dute Txorierriko gizarte osoa euskal kulturara erakartzeko eta euskal kulturan murgiltzeko. “Azken batean, hemengo euskal giroa berpiztu nahi dugu. Horretarako, kultur ekintza euskaldunak bultzatzeaz gain, euskararen erabilera sendotzeko eta areagotzeko pausoak emango ditugu” azpimarratu du Goienetxek.
Gainerako antzokiekin alderatuta, berezitasun bat baino gehiago izango ditu Baserri Antzokiak. Adibidez, ohiko diseinuak baztertu eta baserri itxura emango diote eraikinari. Izan ere, azken urteotan industriak nekazaritza eremuari aurre hartu badio ere, Txorierri eskualde nekazaria da izatez, eta baserria izan du nortasun ikur. Hori dela-eta, baserri tankera emango diote eraikin berriari. “Baserria bizileku eta lantoki izan da historikoki gurean. Esku artean dugun antzokia euskara eta euskal kultura sustatzeko lanabesa izango da” argitu du.  Horrez gain, eraikinaren inguruko kanpoko lurrek aukera hori ematen dutenez,  kultur eskaintza ez da eraikin barrura mugatuko. Barruan zein kanpoan antolatzeko aukera izango da. 5.400 metro koadro ditu lursailak, eta horietatik 850 dira eraikinarenak.
Txorierrik 24.000 biztanle ditu; justu samar horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko. “Bertoko herritarrez gain, bestelako bezeroak ere beharko ditugu. Hortaz,eskualdeko enpresetako beharginengana ere ailegatu beharko dugu” azaldu du Goienetxek. “Enpresa sare indartsua daukagu eskualdean. Enpresa eta langile ugari pasatzen dira egunero Txorierritik. Datuak eskuan, 38.000 langile batzen dituzten 2.200 bat enpresa izango dira, eta horietatik 7.800ek egiten dute lan antzokia egingo den parkean. Beraz, herritarrei zein inguruko enpresei eta langileei eskainiko zaie zerbitzua” zehaztu du.
Eraikinak agertokia, taberna, jatetxea, batzarrak-eta egiteko lau txoko (enpresentzat) eta kanpoko azpiegiturak edukiko ditu. Horrela, barruan antola daitezkeen ekitaldi eta eman daitezkeen zerbitzuez gain, kanpoko eremuan ere gauzak eskaini ahal izango dira. Euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten ekintza guztiek izango dute lekua: enpresetako jarduerak, bazkari herrikoiak, antzezlanak, erakusketak, bilerak, kirola, ospakizunak, txapelketak... denetarik. 12 langile inguru izango ditu, hasiera baten, Antzokiak.
Ostalaritzari, euskal kulturari edota kirolari lotutako ekintzak antolatuko ditugu, eta, irabaziak egonez gero,  kultur eta kirol ekitaldietan erabiliko dira berriro. Izan ere, inork ez dauka kontu honekin aberasteko asmorik. Fundazioa bera ere irabazteko asmorik gabekoa da. Nork bere bizitza eta lana dauzka, eta gure ametsa euskara eta euskal kultura sustatzea da” zehaztu du Fundazioko lehendakariak.
Txorierriko bizilagunen proiektua da Baserri Antzokia. Eskualdeko zati handi batek hartu du parte ekimenean eta, sustatzaileak Totoan eta Mankomunitatea diren arren, enpresak eta norbanakoak ere ari dira proiektua babesten. Baserri Antzokia egiteko 5.400 metro koadroko lursaila Mankomunitateak utzi dio Baserri Antzokia Fundazioari. Baina, noski, horri forma emateko dirua behar da: 1,3 milioi, hain zuzen ere. Proiektua ekonomikoki bideragarria den ala ez aztertu ostean, eta Elkargi Elkarrekiko Garantia Elkarteak ipinitako abalari esker,  bankuen mailegua lortu dute. Falta dena lortu behar orain.
Hori bai, banketxeak nahiz Elkargik berak ere baldintza bat ipini diete Baserri Antzokiaren sustatzaileei: proiektuaren kostuaren % 30 inguru jartzea, hau da, haiek ere proiektuan konfiantza izatea. Baldintza bete ahal izateko, inbertsio plan bat prestatu dute nahi duen guztiarentzat irekita. Formula horri esker, dirua jartzen duenak banketxean baino interes handiagoak eskuratuko ditu, eta, era berean, Fundazioari banketxearen mailegua baino merkeago aterako zaio. Bi sostengu ekonomiko ditu, beraz, proiektuak: Fundazioari dirua lagatzea eta ostalaritza. Fundazioari laguntza emateak zenbait abantaila emango ditu:  desgrabazioa, prezio murrizketa antzokiko sarrera eta txokoen erabileran...
Lanak erdi amaituta eta dirua ia batuta, ateak zabaltzea bakarrik falta da. Ziur programazioa ere ia-ia osatuta dutela. Hurrengo hitzordua bertan?