Argirik ez Garoñan

garoña

Duela hiru urte deskonektatu zuten Garoña sare elektrikotik, eta oraindik argitu gabe dago zentral nuklearraren etorkizuna. Alde batekoa izan zen Burgos eta Araba arteko mugan dagoen zentrala ixteko erabakia. Nuclenorrek Espainiako Gobernua presionatu nahi zuen legeria haren beharretara egokitzeko. Aldaketa lortu ondoren, zentrala berriro zabaltzeko eta iraupena luzatzeko baimena eskatu zuen. Estitxu Ugarte.

2013. urtean, PPren gobernuak iragarri zuen neurriak hartuko zituela hondakin nuklearrak zergapetzeko, baina Garoñaren jabeek ez zuten zerga gehiago ordaindu nahi. Hortaz, Nuclenor osatzen duten Endesa eta Iberdrola konpainia elektrikoek erabaki zuten sei hilabete beranduago aurreikusitako itxiera aurreratzea, errentagarritasun eza argudiatuta. Hala, 2012ko abenduaren 16an itzali zuten Santa Maria de Garoña.
Alabaina, 2014. urteko maiatzean Nuclenorrek baimena eskatu zuen Espainiako Industria Ministerioan Garoña berriz zabaltzeko eta 2031ra arte funtzionatu ahal izateko. PPren gobernuak Espainiako lobby elektrikoaren interesen neurrira egindako lege aldaketak eta horren arabera finkatutako aurreikuspen ekonomikoek bultzatu zuten iritzi aldaketa.
Nuclenorren eskariak ez du inolako aurrekaririk. Espainiako estatuan, legeriaren arabera, zentral nuklearrak 40 urte betetzen dituztenean itxi behar dira, eta Garoña 1971. urtean jarri zuten martxan. Hortaz, Burgosko zentralari baimena emanez gero, aukera zabalduko litzateke beste zentral nuklear batzuen bizitza ere 60 urtera arte luzatzeko.
Espainiako Gobernuak Segurtasun Nuklearraren Kontseiluaren aldeko edo kontrako txostena jaso behar du erabakia hartu aurretik. Jakin izan denez, 2016ko bigarren seihilekora arte ez du zentralaren jarraipenari buruzko txostena egingo, beraz, une horretako Gobernuak hartuko du azken erabakia. Aipatu txostena derrigorrezkoa eta loteslea da. Hau da, kontrakoa izanez gero, zentral nuklearra itxi egin beharko da. Aldekoa bada, ordea, Espainiako une horretako gobernuaren esku egongo litzateke behin betiko ebazpena.
Dena den, Segurtasun Kontseiluak milioi askoko inbertsioak egiteko exijitu dio Nuclenorri Garoña berriro irekitzeko; izan ere, Fukushimako istripuaren ostean, segurtasun neurriak zorroztu egin dituzte Europako Batasunean. Hala, beste baldintza batzuen artean, jabeek Larrialdiak Kudeatzeko Egoitza eraiki behar dute, hala nola iragazki sistemak berritu eta hidrogenoa nahasteko ekipo berriak jarri.
Ura hozteko sistema
Bestalde, iragan urrian, Gaztela eta Leongo Auzitegiak ebatzi zuen, Garoñako zentral nuklearra martxan jarri nahi badute, ura hozteko sistema eraiki behar dutela. Zentral atomikoek ura erabiltzen dute erreaktorea hozteko, eta Garoñak Ebro ibaiko ura hartu eta erreaktoretik ateratzen den tenperaturan itzultzen du ibaira.
Ebroko Ur Konfederazioak salaketa aurkeztu zuen Nuclenorren kontra, ura 30 gradutik gora isurtzen duelako ibaira. Horrek arazo larriak eragiten ditu ibaiko habitatean. Esate baterako, egiaztatu dute Arabako Sobrongo urtegian azken urteotan izandako zebra-muskuiluaren inbasio basatiak zerikusia duela zentral nuklearrak ibaian eragiten duen tenperatura igoerarekin.
Hori guztia kontuan hartuta, Nuclenorrek kalkulatu du ehun milioi eurotik gora gastatu beharko dituela zentrala suspertzeko. Inbertsioa eginda ere, Espainiako Gobernuak ez du zertan eman zentrala berrirekitzeko baimena. Egun, PP besterik ez dago prest Garoña berriz irekitzeko, gainerako alderdi politikoek ez baitute begi onez ikusten  zentralaren iraupena luzatzea.  Abenduko hauteskundeen ostean sorturiko panorama politiko nahasian, Garoñako zentralaren etorkizuna are beltzagoa irudika daiteke.
Moldaketak aurten
Haatik, 2015. urtearen amaierarekin batera, Nuclenorrek zentrala lehenbailehen martxan jartzeko izapideak bizkortu ditu, eta, dirudienez, prest dago inbertsio guztiak egiteko eta berriro sare elektrikora lotzeko. Horixe adierazi du, behintzat, Segurtasun Nuklearraren Batzordeari helarazitako txostenean, eta egutegi bat ere proposatu dio konponketa nagusiak aurten egiten hasteko.
Era berean, Segurtasun Kontseilua urratsak ematen ari da zentrala berpizteko. Iragan azaroan, Batzar Orokorrak Garoñako ontziaren funtzionamendua arautzeko bestelako zehaztapen teknikoak onartu zituen. Bestalde, otsailaren hasieran, oniritzia eman zien zentrala berriro martxan jartzeko Nuclenorri eskatu zizkion hainbat baldintzari; hortaz, ez du baztertu zentral nuklearraren bizitza 2031. urtera arte luzatzea.
Zehazki, zentralaren funtzionamenduarekin loturiko zenbait zehaztapen tekniko onartu ditu, hala nola, sistema elektrikoen diseinuen aldaketak, egituraren isolamendua eta hainbat aldaketa egituran.  Oro har, Kontseiluak ontzat jo ditu Nuclenorrek proposatutako hobekuntza guztiak.
Espainiako Gobernuak berak hondakin erradioaktiboen behin-behineko biltegia egiteko baimena eman dio Garoñaren jabeari. Egia da biltegia baliagarria dela mahai gainean dauden aukera guztietarako, hau da, zentrala itxi ala ez beharrezkoa da, baina bitxia da zenbat kointzidentzia gertatu diren denbora gutxian.
Milioi askoko kalte-ordainak
Garoñaren Kontrako Foroa, Araba Garoñarik Gabe, Ekologistak Martxan eta Greenpeace talde ekologistek konpainia elektrikoen eta PPren gobernuaren arteko "joko zikina" ikusi dute kointzidentzia horien atzean. Gainera, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluaren jarrera kritikatu dute, segurtasunaz arduratu baino "Nuclenorren interesekin bat egiten ari delako". Kontua da erakunde horren ordezkariak politikoki aukeratuta daudela. Presidenteak eta lau kidek osatzen dute Kontseilua, eta PPk du gehiengoa: bi ordezkari eta presidentea. "Beraz, PPrena da erabakia", aipatu talde ekologistek nabarmendu dutenez.
Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak berak adierazi dute Garoña behin betiko ixtea dela zentzuzko konponbide bakarra. Espainiako Industria eta Ingurumen Ministerioetara gutun bana bidali dute informazioa eskatzeko eta iritzia emateko haien eskubidea aldarrikatzeko. Besteak beste, gogora ekarri dute Araba izango litzatekeela herrialderik kaltetuena, zentralean arazorik balego.