Nahi dutelako

egia

“Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Izatea ekitea da. Egiten duguna gara”. Lorea Agirreren hitzak dira, euskaldunoi euskahalduntzera dei egin zigun 19. Korrikaren amaieran esandakoak. Donostiako Egia auzokoek halaxe egin dute Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenaren bitartez. Zortzi astez, egunerokoan euskaraz ari dira egiatarrak. Euskaraz bizitzen, nahi dutelako. Eñaut Mitxelena.

Jaikitzen direnetik oheratu arte, euskara ahoan. Urtarrilaren 8tik martxoaren 4ra arte, astero-astero, euskararen lekukoa hartzen ari dira Egia auzoko hainbat eragile, elkarte eta talde. Astebetez une oro euskara erabiltzeko konpromisoa hartuta, talde eta elkarte horietako kideak euskara hutsean aritzen dira, ahal duten neurrian. Egia Euskaraz Batzordeko kide Aitziber Gurutzeagak dioenez, “komunikazioa oztopatzen den unea litzateke muga”. Hori bai, “norberaren astebete erreala behar du izan. Hau da, familian senide erdaldun bat baldin badut, ez dut saihestuko. Egoerara egokitu beharko dut. Une horietan, erdaraz egingo duzu pertsona horrekin, baina gainontzeko aukeren abanikoa oso zabala da: batzuek ulertuko dizute; beste batzuek hitz batzuk egingo dizkizute euskaraz; beste batzuekin primeran egingo duzu, nahiz eta beharbada haiekin inoiz ez duzun euskaraz egin... Kontua da euskarari ahalik eta gehien eustea. Ez dakitenekin edo ulertzen ez dutenekin, norberak ikusiko du nola jokatu”.
Astea bete ondoren, txanda aldaketa egiten dute parte hartzaileek. Azken txandan, norbanakoek hartuko dute elkarte eta taldeen lekua. Lekukoa pasa eta lekukotza utzi: aste horretan bizitakoak idatziz zein bideoz jasotzen dituzte, gainerako parte hartzaile eta auzokideekin partekatzeko eta aurrera begira ondorioak landu ahal izateko. Egitasmoaren blogean (https://egianeuskaraz.wordpress.com) ikus daitezke zenbait partaideren lekukotasunak, egitasmoaren nondik norako nagusiekin batera.
Egia Euskaraz Batzordeak bultzatu du esperientzia, auzoan euskararen erabilera handitzeko xedez. “Euskal hiztunengan eragin nahi dugu” dio Gurutzeagak. Erraza baita, euskal hiztuna izanda ere, erdarara jotzea. Askotariko egoerek edota inertziek eraginda, hala oharkabean nola berariaz: parekoak euskara ulertzen ez duelako; solaskideak euskaraz ez dakiela uste izateagatik; taldean euskara ez dakien lagun bat dagoelako... Horrelako egoeretan euskaraz jarduteko konpromisoa hartu dute egiatarrek, eta horretan ari dira. Datuei erreparatuz gero, Gurutzeagak dioen moduan, “auzoan ahalmena egon badago”: 15.000 biztanle inguru ditu Egiak eta, 2011ko datuen arabera, horietatik % 39 euskaldunak dira, eta % 27,9 ia euskaldunak. Erabilera, aldiz, % 15ekoa da. Non eragin badute, beraz. Baina ez soilik euskal hiztunen artean: “Elkarrizketa elebidunak ere proposatzen ditugu. Solaskideak euskara jakin ez baina ulertzen duenean, euskaraz egiten jarraitzea proposatzen dugu, nahiz eta besteak erdaraz erantzun. Horrela, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duen horrengan ere eragiten dugu”.
Erantzun ona
Auzo bizia da Egia. Ez dira geldi egotekoak egiatarrak. Euskarari dagokionez ere ez. “Auzoan badago euskaraz bizitzeko nahia. Korrikaren etorrera, Euskararen Eguna, hitzaldiak... gauzak antolatzen ditugu, baina iruditzen zitzaigun zerbait gehiago egin behar zela jendea euskaraz bizi ahal izateko”. Erabilera areagotzeko kezka oinarri, eta “19. Korrikaren amaieran Lorea Agirrek irakurritakoaren harira ere, argi genuen zerbait egin behar genuela”. Orduantxe ezagutu zuten Lutxo Egiak iazko udan burututako ekimena: hilabetez gaztelania ahaztuta bizi izan zen Bilbon. “Esperientzia hura gurera moldatuta, auzoko eragileekin lantzeko egokia izan zitekeela ikusi genuen”.
Harrera ona izan du ekimenak. Hasiera batean, ia hogei elkarte, talde eta eragilek egin zuten bat, orotarikoak: Gaztelekuak, Ttan-Ttakun irratiak, Aitor ikastolak, Musika eskolak, Tabakalerak, Haur txokoak, Egia Eskubaloi taldeak, Porrontxoetako jai batzordeak, Egia Bizirik auzo elkarteak... Gainera, martxan denetik, talde gehiago batu zaizkie. “Azkenean, ia 25 talde ditugu. Oso pozik gaude erantzunarekin”. Kopuruarekin ez ezik, baita jarrerarekin ere: “Ilusioarekin ari dira parte hartzen. Inplikazio handia dago”. Aniztasuna ere nabarmendu du: “Gazte jende pila bat erakarri du ekimenak, eta batzuk oso kontzientziatuta ageri dira. Azken finean, honek guztiak ahalbidetzen du euskal hiztun moduan norberaren mugak eta aukerak erakustea; baina, halaber, kontzientziazio hori barneratzea”.
Esperientzia garatzeko, aurrelanketa egin dute parte hartzaileekin. TELP tailer bat egin zuten iazko abenduan, esaterako. Bi liburu ere gomendatu dizkiete: EMUN kooperatibak argitaratutako Irten hizkuntzaren armairutik. Euskaraz bizitzeko portaera gida eta Karmelo Ayestaren Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia (Utriusque Vasconiae). Era berean, iturri horiek oinarri, hainbat aholku eman dizkiete parte hartzaileei, egunerokoan topa ditzaketen egoera desberdinei nola heldu jakin dezaten: “Lehen hitza euskaraz egitea; lehen hitzaren ondoren euskaraz jarraitzea; solaskideak ulertu ezean, keinu bidez jarraitzea; hizkuntza hautua dela-eta jasan daitezkeen erasoekin ez katramilatzea; beti irribarre batekin aritzea... ”. Txapa batzuk ere prestatu dituzte, egitasmoaren logoarekin. Horrez gain, Egiako denda euskaldunen mapa ere ipini dute sarean, nahi duenarentzat lagungarri. Bata zein bestea baliatzea hautazkoa da. Txapak janztea edo mapari kasu egitea baino, “aste horretan izandako jarrera da garrantzitsua. Horrek balio digu”.
Zabaltzeko nahia
Azken txanda norbanakoek burutu ostean, martxoaren 12an Egia Euskaraz Eguna ospatuko dute. Bi urtetik behin antolatzen dute jaia. Aurten, festa egiteaz gain, ekimenean parte hartu dutenen esperientziak partekatuko dituzte: “Maila pertsonalean zein kolektibo gisa zer eragin dien esperientziak, aurrera begirako erronkak aztertu, aukerak...”. Halaber, zortzi asteetan bizitakoarekin erakusketa egiteko asmoa dute. Halere, egitasmoa ez da jaiarekin amaituko. Esperientzian jasotakoetatik ondorioak aterako dituzte, “eta ikusiko dugu aurrera begira zer nolako aukerak egon daitezkeen norbanako gisa, kolektibo gisa... Batez ere, auzoko eragileekin aztertuko dugu zein izan daitezkeen aurrera egiteko bideak”. Bestalde, jasotako material guztiarekin bideoa osatu nahi dute, “eta, iristen bagara, abenduan aurkeztuko dugu”.
Ekimena amaitu eta ondorioak bildu bitartean, baina, xede bat argi dute: “Gure helburua da esperientzia hau esportagarria izatea. Lutxoren esperientzia gurera egokitu dugun moduan, beste edozeinek bere ezaugarrietara molda dezake. Helburua da Donostiara eta Euskal Herriko edozein txokotara zabaltzea, merezi du-eta”.

Pizzeriak, harakina eta martiztarra

Orain artean beti gaztelaniaz egin ostean, auzoko bi pizzeriatan euskaraz eska daitekeela ikusi duena; saltzailea erdalduna izanik ordenagailuaren erosketa euskaraz egin ahal izan duena; laneko bilerak elebidunak izatea lortu duena eta, kontrara, lanean zaitasunak topatu dituztenak; egoera jakin batean “martziano” sentitu dena; jasotako aholkuei jarraikiz irribarreak eta jarrera positiboak duten garrantziaz ohartu direnak; auzoko harategietako batean, nahiz eta harakinak euskaraz jakin ez, harekin euskaraz moldatzen direnak; lagun minarekin gaztelaniaz egitera ohituta egonik euskarari eustea izugarri kosta zaiona; lehenengo hitza euskaraz eginda sorpresa atseginak hartu dituztenak; administrazioan euskaraz artatu dutena eta ez dutena… Halako esperientziak ezagut daitezke https://egianeuskaraz.wordpress.com blogean, astero biltzen baitituzte parte hartzaileen lekukotzak. Izandako esperientzia positibo eta negatiboak, topatu dituzten mugak eta zabaldu zaizkien ateak, nola sentitu diren… denetarik entzun daiteke partaideen ahotik. Oro har, esperientzia positibo, polit eta baliagarritzat hartu dute parte hartzaileek, nahiz eta alde negatibo batzuk ere antzeman. Gurutzeagak dioenez, “dagoeneko ari gara ateratzen ondorio batzuk: badago jendea pentsatzen duena erabat euskaraz bizi dela, baina konturatu dira ez direla beraiek uste bezainbeste bizi euskaraz. Hau da, ohartu dira beharbada batzuetan oso erraz jotzen dutela gaztelaniara baten batek euskaraz ez dakielako”. Aldiz, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenekin elkarrizketa elebidun ugari sortu dira, eta partaide guztiek oso positibotzat jo dute. Dena dela, Gurutzeagak azaldu duenez, “askotan ingurune hurbilean daude erronkarik zailenak: koadrila euskalduna izanik gaztelaniara jotzea-eta... Hor erronka pila bat dugu”. Erronkak erronka, aipagarria da parte hartzaile batek baino gehiagok esandakoa, izan ere, askok nabarmendu dute norberaren hizkuntza jarreraz jabetzeko balio izan diela esperientziak, eta, aldi berean, kontzientzia hartzeko. Hala, aurrerantzean hizkuntza jarrera aldatzeko intentzioa agertu dute hainbatek. Beraz, ondorioak atera zain, esperientziaren eragina sumatzen hasiak dira zenbait egiatar. Nahi dutelako, jakina.