Karraderan: kirola eta memoria historikoa

karraderan

Karraderan, korrika, egingo dute ia 400 kirolarik Burdin Hesiaren inguruko lasterketa hil honen 12an. Memoria historikoaren lanketak, ordea, gura baino astiroago egin du aurrera Hesi horren inguruan zein beste lekua askotan. Kirola eta memoria batuko ditu mendi lasterketaren III. edizioak. M. Egimendi.

Larrabetzu inguruko mendietan nahastuta ibiliko dira lasterkariak eta Karraderan egitasmoko boluntarioak. Izan ere, duela bi urte hainbat herritarrek pentsatu zuten Larrabetzun mendi lasterketa ezberdina antolatzea, kirol probaz haragokoa. Alabaina, orduan ez zuten aurreikusi lasterketak ekarriko zuen soka luzea.
Iazko urtearen hasieran, bigarren edizioaren prestaketa lanetan zebiltzala, ibilbidea aurrekoan baino arrasto gehiagoren ingurutik pasa zedin, aztarna garrantzitsu gehiago topatu zituzten. Horrela hasi zen egitasmoa handiagoa bihurtzen.
Garrantzi handiko aurkikuntzak
Karraderan lasterketaren antolatzaileak ibilbidea garbitzen hasi zirenean, sasiak hartutako hogei babesgune baino gehiago aurkitu zituzten. Horietako batzuk ezagutzen zituzten lehendik, baina beste batzuk ustekabean topatu zituzten. Babesgune batzuetan sartuta, konturatu ziren han ez zela inor ibili gerra amaitu zenetik, izan ere, garai hartako platerak zeuden, ezkon-eraztun bat, balak hormatan sartuta... Aurkikuntzaren inportantziaz ohartu bezain pronto, Aranzadirekin jarri ziren harremanetan, eta elkarteak, Larrabetzuren potentzialaz jabetuta, aurkikuntza guztiak sailkatu eta ikertzen hasteko proposamena egin zuen.
Egitasmoak mendi lasterketa bera gainditzen zuela ikusita, akordioa egin zuten Karraderanek, Aranzadik eta Larrabetzuko Udalak:1936-1945 epealdian herrian zer gertatu zen ikertu eta Burdin Hesiaren katalogazio zehatza egingo zuten. Horren guztiaren zabalpenerako, kultur ibilbideak antolatzea eta interpretazio zentro txikia irekitzeko aukera ere aurreikusi zuten, batez ere hezkuntza komunitatearekin lotuta. Hasi ere hasiak dira eskola bisitentzako ibilaldiak prestatzen. Akordioa Eusko Jaurlaritzan aurkeztuta, haren babesa ere jaso zuten.
Urtebete pasatxo igaro da lanean hasi zirenetik. Denbora tarte horretan, joan den urtarrilean bizi izan zituzten unerik hunkigarrienak, gerra frontean hildako hiru lagunen gorpuzkinak ateratzean. Laugarrena laster ateratzeko lanean dabiltza, hezurrak agertu diren tokian. Gorpuok hobitik ateratzeak indarra eman dio egitasmoari, Karraderan elkarteko Ainhoa Larrabek dioen moduan agerian geratu delako “lurpean Historia” badagoela. 
Hilotz horietako bakarra identifikatu dute orain arte: Ramon Portilla Acedo CNTko milizianoa da. Beste bi hildakoen gorpuak Ainhoa Larrabek bildutako testigantzei esker aurkitu dira: “Herriko adinekoekin hitz egiten nabil, eta horiek kontatuta jakin genuen non zeuden lurperatuta. 90 urtetik gorakoak dira zuzenean zerbait jakin edo entzun zutenak, oso gazteak zirelarik, eta ez dira asko geratzen. Pena handia daukagu lan honetan lehenago hasi ez izanagatik, edo beste inork ez duelako lehenago egin”.
Portillaren gorpua, berriz, metal detektagailuaz aurkitu zuten, identifikazio txapa agertu zelako. Topatu, beste gauza asko ere topatu dituzte: balak, platerak, lepokoak, eraztunak, janari latak, gudarien botak, granadak, identifikazio txapak... Horietako batekin oso anekdota polita gertatu zitzaien: “Txapa aurkitzean, pentsatu genuen han bertan gorpuren bat egongo zela, baina, Aranzadira bidali ondoren, Paco Etxeberriak deitu zigun kontatzeko txapa haren jabea bizirik atera zela gerratik eta harrezkero bere aitarekin ibili zela lanean Beasaingo fabrika batean”. Txapa haren jabea hila da, baina Karraderan elkartekoak saiatu dira haren familiarekin harremanetan jartzen, txapa emateko. Ez dute erantzunik jaso: “Oraindik badugu txapa hori jabearen sendiari itzultzeko esperantza”.
Iraganetik etorkizunera
Ziur dira gorpu gehiago dagoela Burdin Hesiaren inguruko mendietan. Halere, asko eta asko ez dira inoiz aurkituko, lur multzo handiak mugitu direlako ordutik. Elkarte honen lana ezagutzera eman den heinean, deiak ere ugaldu egin dira, zerbait dakien edo entzun duen jendearen aldetik. Orain, ordea, bigarren edo hirugarren eskuko informazioa da, ez gerra zuzenean bizi izan zutenena. Horrelakoak isilpean gordetzeko arrazoia beldurra izan da kasu askotan, eta, Larraberen ustez, “transmisio eza” ere bai: “Belaunaldi bati ahoa itxi zioten, batez ere emakumeei. Jazarpena oso ondo burutu zuten garaileek eta, ondorioz, belaunaldi haren eta hurrengoaren arteko transmisioa eten  egin zen. Oraindik ere ez da naturaltasunez berba egin gure artean hemen pasatu zenaz, eta berandu hasi gara”.
Hasi direnak, Larrabetzun, behintzat, herritarrak dira. Laguntza eta parte-hartze handia eskaini dizkiote Karraderani. Taldean 15 bat lagun dabiltza modu iraunkorrean, 23 eta 40 urte bitartekoak: topografoak, biologoak, basozainak, suhiltzaile bat... Batzuk familian entzun dituzten kontuengatik gerturatu dira; besteak gaiaren gaineko interesa dutelako. Talde giro ederra omen dute: “Mendi bideak garbitzeko edo detektagailuaz ateratzeko irteeretan beti biltzen da jendea. Gorpuak lurpetik atera izan direnean ere Aranzadikoak harrituta geratu dira hurbildu den herritar kopuruarekin”.
Herritarren artean bezala, jo dituen ate guztiak zabalik aurkitu ditu elkarteak, ez du inon erreparorik topatu. Orain, Foru Aldundira jotzeko asmotan dabiltza, “beti diru bila, iaz eman zigutena bukatu egin da-eta”. Denek laguntzen dute, beraz, “nork bere eran. Dena den, egia ere bada bakoitzak bere erara kapitalizatu nahi duela kontua. Horren beldur ere bagara, egitasmo hau gozokia izan daitekeelako. Hala ere, oso argi dugu egitasmo hau herritik sortu zela eta herriarentzat ari dela lanean”. Alegia, urte luzez lurpean isilik egondako Historia herriaren memorian merezi duen lekuan kokatzen.

Burdin Hesian Karraderan ez da kirol hutsa

Karraderan kultur eta kirol elkarteak mendi lasterketa antolatu izan ez balu, memoria historikoaren lanketa ez zen abiatuko Larrabetzun” dio Karraderaneko kide Gotzon Barandiaranek. Halere, hasieratik izan zuten zerbait berezia egiteko asmoa, lasterketa mendiarekiko, inguruarekiko, kulturarekiko eta memoria historikoarekiko zaletasunarekin lotuta. Azken batean, “lasterkariek zapaltzen duten lurraren historia ezagutzea nahi dugu, eta kultura eta kirola erabat uztargarriak direla erakutsi”. Ibilbidea garbitzean aurkitu zenaren ondorioz sortu zen egitasmoa, memoria historikoa, hezkuntza, kultura, kirola, mendizaletasuna, inguruarekiko ardura... bat egiten dituena. Barandiaranek dio proiektuak “sekulako garrantzia” edukiko duela Larrabetzuren herri garapenean.
Izan ere, jende askok ezagutu omen du herria lasterketari esker. Partaideek esaten ei dute proba “oso ederra eta gogorra” dela, “ondo baino hobeto prestatu beharrekoa”. Lasterketa ostean, askok aipatzen omen dute  “ibilbidean zehar sentituriko hunkipena, kirol ekitalditik haragokoa”. Ez alferrik hasieran aurreskua dantzatzen da, ibilbideko leku jakin batzuetan gudariz jantzitako herritarrak aritzen dira tiroak botatzen, korrikalariak bunkerren barrutik pasatzen dira, Bizkargi gainean adarra jo eta ikurrin handi bat jartzen da, sirena hotsak entzuten dira, zanpantzarrak... Horren guztiaren berri izaten dute lasterkariek izena ematean, euskaldunek zein kanpotik (Madril, Galizia, Kantabria, Burgos, Errioxa...) etortzen direnek. “Balio erantsia”, Barandiaranen ustez.
Memoria historikoaren lanketak bezala, proba honek ere herri osoa jartzen du dantzan, ehun boluntario baino gehiago  behar baitira ibilbidea ondo markatzeko, dortsalak partitzeko edota bukaerako otordua prestatzeko. Guztiak aritzen dira lasterketaren antolaketan, bisitariak pozik artatzen, herriaren aldeko lanean.

Informazio gehiago: www.karraderan.org