Hail, Caesar!

cesar

Zuzendariak: Joel Coen eta Ethan Coen. Gidoia: Joel eta Ethan Coen. Aktoreak: Josh Brolin, George Clooney, Ralph Fiennes, Tilda Swinton, Alden Ehrenreich, Scarlett Johansson. AEB, 2016.

Istorioa: Hollywooden urrezko aroan, 50eko hamarraldian, Capitol Pictures zinema estudioa erromatarren garaiko superprodukzioa grabatzen ari da, Baird Whitlock estudioko izar nagusia protagonista duela. Grabazioa bete-betean dela, aktorea bahitu egingo dute eta ekoizpena kolokan geratuko da. Hura aurkitzen saiatuko da Eddie Mannix, estudioak orotariko arazoak konpontzeko soldatapean duen langile saiatu eta eraginkorra.
Onena: ametsen, edo zehatzago esateko, AEBetako bizimodu idealari estuki loturiko ametsen fabrikara, Hollywoodera, jo dute Coen anaiek. Zinema estudio ahalguztidunen barrunbeetan murgildu dira, kanpoko dirdira aratzak ezkutatzen dituen guztiei zorrotz erreparatuta. Umore handiz eta satiraren bidetik, baina aldi berean zinema klasikoari omenaldia eginez.
Txarrena: Coen anaien eskuek ia beti ziurtatu ohi duten legez, zinema aretotik marmarrean ateratzeko arriskurik ez dago. Bata bestearen atzetik pilaturiko sekuentzia umoretsuen sortaren tankera har diezaioke baten batek, baina dibertimendu txukun, bihurri eta zoroa da. Zinemazaleentzako, jolas aparta eta gozagarria.
EƱaut Mitxelena