Berzaitzen musika eta ahotsa Xabier Leteren poesiarako

berzaiz

Pier Paul Berzaitzek (Muskildi, Zuberoa, 1952) Egunsentiaren kantak diskoa atera du Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela, 2008) poesia liburuan oinarrituta. Letek nahi izan zuen Berzaitzek musikatzea haren azken liburuko poemak, bien arteko harreman sakona tarteko. Lan horren lehen emaitza 2013an sorturiko ikuskizun kolektiboa izan zen, eta orain iritsi da diskoa Aztarna argitaletxearen eskutik. Hamahiru kantu biltzen dituen lanean, Xalbadorren heriotzean kanta ezagunaz gain, bost dira Leteren poema musikatuak: Esku hutsik hiltzen gira, Hiri maiteak, Imanol Larzabal lagunari agurra, Eternitatea eta Nere aita zenari eskaintza. Ahots gonbidatuak ere badira diskoan: Maddalen Dorronsoro, Estitxu Pinatxo, Olatz Prat eta Magali Zubillagarenak, hain zuzen.
Berzaitz Pauen (Frantzia) bizi da egun, baina beti egon da Zuberoari lotuta. Tradizioaren bultzatzaile amorratua, zuberotar kantagintzari sentiberatasun berezia ekarri dio, aspaldiko olerkiak eta kantak garaikide bilakatuta.


enkoreETour biran dabil Enkore talde bilbotarra. Laukotearen hirugarren diskoa da, Faktore komunak (2012) eta Kanala (2014) izenekoen ondoren, hirurak ere Baga-Biga etxearekin argitaratuak. Oraingo honek hamar kanta biltzen ditu, eta hitz guztiak Xabi Hoo abeslariak idatzi ditu, bat izan ezik: Espero dena abestiaren hitzak Oihana Bartra bertsolariarenak dira, emakumeek bizi duten presio sozialari buruzkoak. Abesti batzuk zuzenean grabatu dituzte, zuzenekoaren energia behar zutelakoan. Lan honek dan-tza, rock-core melodikoaren sustraiak, armonien bizipoza, poparen samurtasuna eta danceren eromena biltzen ditu E izenburupean, alegia, taldeak 2009an hasi zuen musika ibilbidean ikasitako guztia.

 

zuraEGUNKARI EZKUTUA
Zura
Oihuka, 2015

Bere ibilbidean, Zura taldeak hainbat poeta eta idazle izan ditu gogoan hitzak egitean (Lauaxeta eta Lorca, adibidez). Disko berri honen prestaketan, berriz, bereziki jo dute Leturiaren egunkari ezkutua eleberrira, liburuaren indarragatik, bai hizkuntzari dagokionez, bai kontzeptu poetikoen aldetik. Txillardegiren lehen liburuaz ari gara, 1957an euskal narratibaren garai oso bat zabaldu zuen liburuaz, hain zuzen. Liburua errespetuz landu dute, baina aldi berean irudi poetikoen birziklatzea bilatu dute. Alegia, birpentsatu egin dute Txillardegiren obra, bereganatu, eguneratu, eta rockaren estetikaz hornitu.

eratuBIDEA
Eratu
Mauka, 2015

Bideaz asko dakite Eratu osatzen duten Ondarroa, Gasteiz eta Aguraingo kideek; errepidean egiten dute denbora asko, eta kantu askoren hazia bidean joaten da ernaltze. Nork bere jatorri musikaletik abiatuta sortzen dutenez, taldeak asko du estilo apurketa eta batuketatik, eta hirugarren disko honetan ere ondo baino hobeto nabarmendu da joera hori. Oinarriak aldatu gabe, hori bai. Metal pisutsua, punk-poparen bizitasuna eta rocka zentzu zabalenean. Kolaborazioak ere izan dituzte hainbat abestitan diskoa osatzeko, hala nola, Juantxo Arakama (Glaukoma), Fer Apoa edota Keu Agirretxearena.