Logelatik harago

lohianJP Lohian & Klonen Klana
JP Lohian & Klonen Klana
(Lohia Records, 2015)

JP Lohian & Klonen Klana ez da talde bat, Joseba Ponceren (Dut, Kuraia, Lisabö) bakarkako proiektua baizik, eta aho bete hortz utzi du mundu guztia estreinako disko honekin. Hasteko, lanaren planteamendua eta gauzatzea edonor harritzeko modukoak direlako: ukituren bat edo beste kenduta, Poncek dena egin du, hau da, berak sortu ditu abestiak, berak jo ditu musika tresna guztiak, berak sartu ditu ahotsak, azala diseinatu, eta bi urte inguru eman du prozesu nekagarri horretan buru-belarri. Prozesua bezain harrigarria da emaitza ere: amerikarrek bedroom recording deitzen duten horretan artista gehienak doinu akustikoetara, elektronika esperimentalera edo lo-fi pop-era lerratzen badira ere, Poncek rock diskoa egin du, psikodelikoa, aberatsa, mila xehetasunez betea, baina sendoa eta indartsua aldi berean. Orain artekoa gutxi balitz bezala, beste erronka bati egingo dio aurre hemendik gutxira: lana zuzenean defendatzea. Martxoan izango dira lehenengo emanaldiak.

Gotzon Hermosilla