'Beti oporretan', Harkaitz Canoren ipuinak

cano

Harkaitz Canok (Lasarte, 1971) uda kutsuko ipuin bilduma argitaratu du: Beti oporretan (Susa). Izan ere, izenburuan eta liburuaren azaleko irudian ez ezik, liburuko 14 ipuinetan ere aurkitzen dira udarekin lotutako osagaiak: eguzkia, bidaia, hondartza... Hala, idazleak berak adierazi duenez, narrazio hauek udako kanta italiarren antza dute: lehenengo entzunaldian ondo sartu arren, hitzak irakurriz gero, azpian beste mezu bat dutela konturatzen da entzulea. Cano, hortaz, irakurlea hausnarketara bultzatzen saiatu da “zorion harrapaezinen kontaketa” honetan, “galtzear duten zerbaiten bila dabiltzan protagonistak” aukeratuta. Idazleak aitortu du azken 20 urteotako ibilbidean aldatu egin zaizkiola literaturari buruzko hainbat ikuspuntu: “Lehen literariotzat nituenak gaur egun ez zaizkit hainbeste interesatzen. Orain literarioagoa iruditzen zait Angela Merkel Fernando Pessoa baino, eta Burger King Paris edo Lisboa baino”. Horren isla aurkituko du irakurleak Beti oporretan bilduman.


petxaKEAREN FIORDOA (Elkar) du izena Iñaki Petxarroman kazetariaren lehen eleberriak. Liburu honekin estreinatu da literaturaren arloan, baina aurretik bazituen idatziak hainbat saiakera. Oraingo honetan, XVII. mendean jazotako gertakari bat abiapuntu, fikzioaz baliatu eta nobela historikoa osatu du idazleak, irakurleak erakarri nahian. Kontakizuneko protagonistak 1615. urtean Gipuzkoatik Europako iparraldera jo zuten baleazaleak dira. Tratua zuten Islandiako agintariekin, baina Danimarkako erregeak gogoratu zuenean han ezin zuela arrantzan inork egin, gauzak okertu egin ziren: baleazaleak ekaitz batek harrapatu zituen eta Islandiako agintariak euskaldunak entregatu zituen bere burua salbatzeko. Guztira, 32 euskal arrantzale hil ziren.

 

negukoNEGUKO EGUNEROKOA
Paul Auster
Txalaparta, 2015

Bizitzaldiaren neguan sartzen hasia zela igarrita, Paul Austerrek bere bizitzaren kontakizunari ekin zion 2011n. Austerren bizialdiak hartzen duen tarte horretan AEBetan izandako aldaketa sozial eta kulturalaren nolabaiteko lekukotza da liburua. Halere, kanpoko gertaerei bezainbeste, edo gehiago, begiratzen die barneko gertaera eta sentimenduei, gertakizun haietako bakoitzean Paul izan zen ume, gazte eta helduarengana samurtasun bereziz hurbilduta.

totiISILPEAN GORDEA
Toti Martinez de Lezea
Itzulpena: Miren Arratibel
Erein, 2015

Gasteiz, 2008ko otsaila. Amelia Zabaletaren testamentuak ezustekoa eragin du: ardura handiz gordetako sekretu bat, hildakoaren iraganari eta haren senide gertukoenei lotua. Jon Martinez de Albeniz ikertzaile xumea arduratuko da misterioa argitzeaz. Zerk eragin dezake familia batentzat hain garrantzizkoa den zerbait ezkutuan gordetzea?  Zer gertatu zen agertoki horretan duela 70 urte? Martinez de Lezeak bere hiriaren barrenak arakatu ditu.