LGTBI mugimenduaren lana eta borroka ezagutzeko gunea

berdindu

Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual eta Intersexualen (LGTBI) mugimendua ezagutzera emateko eta kolektibo horiek euren eskubideen alde eginiko lana erakusteko xedez, Euskadiko LGTBI Dokumentazio-zentro birtuala osatu dute Eusko Jaurlaritzak eta alor horretan lan egiten duten bost elkartek. Zehazki, EHGAM, Aldarte, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteak aritu dira Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta euren artxiboak edonoren eskura ipini dituzte dokumentazio-zentro birtualean. Bildutako dokumentuen bidez, Francoren diktaduratik egundaino berdintasunaren aldeko borrokaren bilakaera jaso dute. Orotara, gaika antolaturiko 1.583 dokumentu batu dituzte, orotarikoak: kartelak, bideoak, agiriak, audioak, erakusketak... Gainera, aurrerantzean eduki gehiago gehituko dizkiote, beste hiru eragilek ere aurki egingo dutelako bat ekimenarekin: Hegoak, Pikara Magazine eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak. LGTBI kolektiboaren lana eta borroka azaltzeaz gain, kolektibo hori eta orientazio zein identitate sexualagatik jazarriak omentzeko xedea du guneak. Sexu eta genero aniztasunari buruz informazioa eta arreta ematen duen Berdindu! Eusko Jaurlaritzako zerbitzuaren webgunean topa daiteke: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-berdhome/eu/.


hekimenINOIZKO bisita kopururik handiena izan zuten iaz Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea osatzen duten hedabideen webguneek: 18,1 milioi bisita. Lehendik ere gorantz egiten ari ziren bisitak, 2011tik 2014ra bitartean % 32 ugaritu baitziren; joan den urtean, baina, jauzia askoz handiagoa izan zen: 2011tik 2015era % 73,4 areagotu ziren. Orotara 48 webguneren datuak (tartean da www.aizu.eus) bildu ditu Hekimenek, iaz sorturiko Hekimen Analytics izeneko neurketa sistemaren bidez. Bisita kopuruez gain, beste hogeita hamalau aldagai ere neurtzen ditu. Hala, 2015eko jardunari buruzko beste hainbat datu ere jaso dituzte. Esaterako, bisiten batez besteko iraupenaren bilakaera, edota webguneetan sartzeko baliatzen diren gailuen erabileran izandako aldaketak. Izan ere, egun geroz eta erabiltzaile gehiagok baliatzen dituzte sakelakoak eta tabletak. Datuak www.hekimen.eus gunean daude eskuragai.


LABURREAN

ZORTZI HIZTEGI, bi elebidun eta hainbat alorretako sei hiztegi terminologiko, aurkeztu eta sareratu berri ditu Eusko Jaurlari-tzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde-tzak. Denak ala denak euskara.euskadi.eus webgunean kontsulta daitezke. Elebidunei dagokienez, Elhuyar hiztegiaren sareko bertsio eguneratua (2000. urtetik aipaturiko gunean kontsulta daitekeena) eta alemana-euskara / euskara–alemana hiztegia dira. Gainontzekoak, berriz, Terminologia Batzordeak onarturikoak: Merkataritza eta marketin hiztegia; Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa hiztegia; Errugbi hiztegia; Mendizaletasun hiztegia; Herri-ogasunaren hiztegia eta Prozedura kriminalaren hiztegia. Halaber, Hizketa-ereduak lana ere paratu dute gunean.

doktrinaGALDUTZAT ematen bazen ere, Aziti Bihia hizkuntzalari eta filologoen elkarteak iaz aurkitu zuen Doctrina Christiana liburuaren ale bat. Esteve Materrak XVII. mendean argitaratua, lapurtera klasikoz idatziriko lehen liburua da. Topatu zutenetik, lana aztertzen aritu dira elkarteko kideak eta orain liburuaren lehen bi edizioen (1617koa eta 1623koa) hiztegia eta adizkitegia ipini dituzte amaraunean, nahi duen ororen eskura. https://sites.google.com/site/materraedizioa/ gunean eskuratu ahal da, Hizkuntza atalean.