Espioien altxorra

Aurreko zenbakian esan nizuen: Gauzen Internet delakoak aukera zoragarriak ekarriko omen dizkigu, baina hozkirri apur bat ere ematen du etxeko gailu guztiak elkarrekin konektatuta eta etengabe 'hizketan' egoteak.
Bada, azken asteotan irakurri dugunaren arabera, hozkirri apurra baino gehiago eman behar digu elkarrekin konektatutako objektuen mundu horrek. Ez ahaztu ez garela etorkizunaz ari, orainaz baizik: sakelako telefonoak, autoak, telebistak, erlojuak... gero eta ohikoagoak dira Internetera konektatutako objektuak.
Estatu Batuetako “inteligentzia” zerbitzuen zuzendariak, James Clapperrek, agerraldia egin zuen otsailaren hasieran AEBetako Senatuan. Estatuaren segurtasuna, terrorismoaren aurkako borroka eta enparauak izan zituen mintzagai. Besteak beste, argi asko esan zuen: “Etorkizunean, inteligentzia zerbitzuek Gauzen Internet erabil lezakete identifikaziorako, zaintzarako, kokapenaren jarraipena egiteko edota errekrutatzeko hautaketa egiteko”.
Ez dezagun ahantz, esate baterako, Samsung etxearen telebistek etengabe piztuta eta Internetera konektatuta dauden mikrofonoak dituztela, jabeen ahozko aginduei erantzun ahal izateko. Horiek bezalaxe, ordenagailuek, telefonoek... jostailu askok ere mikrofonoa eta Internet konexioa dituzte! Harvard unibertsitate ezaguneko ikertalde batek gaiaren inguruko txosten bat argitaratu zuen otsail hasieran, eta ondorioak ere beldurgarriak ziren: besteak beste, Gauzen Internet altxorra da espioitza agentzientzat... eta laster hasiko dira agintariak elektronika etxeak legez behartzen haien gailuei ahalmena eman diezaieten inguruan gertatzen dena zelatatzeko.
Horixe ere ez da etorkizuneko kontua: kasualitatea ala ez, otsailaren erdialdera, Applek publikoki salatu zuen epaile batek behartu nahi zuela iPhoneren enkriptazio sistema
'hackeatzera', abenduan izandako tiroketa bat argitzeko. Appleren lehen erantzuna ezezko borobila izan zen, baina ikusteko dago noraino eutsi ahal izango dion legearen indarrari.

Loturak, estekak, linkak...

http://bit.ly/applefbi
Apple FBIren kontra, azalpen gehiago nire blogean.

http://bit.ly/GI-berria
Gauzen Interneti buruzko azalpen gehiago, Berriako aspalditxoko artikulu batean.

http://bit.ly/GI-EHU
EHUn ere badabiltza honen inguruan ikertzen, eta Gauzen Interneterako protokolo azkar, arin eta segurua garatu dute.

Joxe Rojas