Bizitza eta obra

julenJulen Gabiria

Nola ez ote nintzen lehenago konturatu. Nola eman ahal izan ditut 15 urte ezertaz ere ohartu gabe. Eroriko behin betikoaren zain egon behar, Xabier Etxaniz Rojoren benetako aurpegia deskubritzeko. Eta, hala ere, miresgarria da izan duen hoztasuna eta, bereziki, mendekurako hautatu duen tokiaren zehaztasuna: Beasaingo Igartza jauregiaren ingurua, han erori bainintzen bizikletatik.
Urte berean agertu ginen biok literaturaren plazan (plaza deitzen zaio, boxeo-ringa izan arren). Geroztik, bere liburu guztiak irakurri eta txalotu ditut, baina ez ditut izenburuak behar bezala interpretatu. Begiak itxi eta kitto atera zuen aurrena, nik Connemara gure bihotzetan argitaratu eta berehala. “Onartzen dut: Igartza Beka irabazi duzu. Begiak itxiko ditut, eta kito”, hori zen bidali nahi zidan mezua, areriorik ez neukala pentsa nezan. Baina baneukan, eta 15 urte geroago aldaka hautsiko zidan.
Hamar manamenduak plazaratu zuen gero, eta argi utzi zuen ez zituela beteko, are gutxiago ni tartean banengoen. Koadro isila etorri zen ondoren. Izenburu horrek nire bizikletaren koadroari egiten dio erreferentzia: bizikleta botaz, ni isilarazi nahi ninduen. Nork bere ozeanoa idatzi zuen gero, a ze ironia, nik Han goitik itsasoa ikusten da atera eta gutxira. Hor guztiz agerian utzi zituen kartak (nabigazio-kartak, kasu honetan), baina orduan ere itsu ni, Etxanizen asmoak ulertu gabe.
Bere obra osoak duen arren nire kontrako intentzio ezkuturen bat, azken bi liburuei titulu esplizitu baino esplizituagoak jarri zizkion: azken-aurrekoa Txatartegirako ipuinak izan zen, adierazi nahian halaxe utziko ninduela, txatartegirako; azkena, berriz, Sirena-hotsak, ospitalera eraman ninduen anbulantziarenak, noski. Zuria eta botilan gauza asko izan daitezke, baina, gehienetan, esnea izaten da. Kaikua ni.
Xabierrek ez zuen Igartza Beka irabazi, baina Euskadi Saria merezi du, bizitza eta obra (tira: bizitza eta izenburuak) hain modu perfektuan uztartzeagatik. Hori bai: arretaz aztertu ditzala datozen 15 urteotan aterako ditudan liburuen izenburuak, nik ere ez baitut mendekurako presarik.