Bidesarien aurka, oraingoan Durangaldean

autopista

A-8 autobideko bidesariak aspalditik ari dira zeresana ematen. Hala, guztien desagerpena eskatzeko, A-8 Doan plataforma sortu zen pasa den hamarkadaren hasieran. Xede hura ez da lortu oraindik, baina harrezkero bidesarien aurkako aldarriak beti egon dira mahai gainean, oihartzun handiagoaz ala txikiagoaz. Auspotzen azkena Durangaldeko plataformarena izan da: sinadura bilketari ekin dio change.org webgunean, eskaria hainbat udaletara eta Bizkaiko Batzar Nagusietara eramateko, Durangaldeko bidesarietan igoera gehiagorik ez! AP-8 libre! lelopean. Izan ere, urte hasierako % 2,5eko igoera izan da erabiltzaile asko sutan jarri dituen erabakia. Haien hitzetan, “diskriminazioa” pairatzen dute Durangaldeko zein Lea Artibaiko herritarrek, “AP-8 autobidearen Bizkaiko zatian bidesaria ordaintzen bakarrak” direlako: “Autobide honen Bizkaiko zatiaren mantentze-lana gure lepo egiten da, baina behin eta berriro aurkitzen ditugu errailak moztuta, auto pilaketak ordainlekuetan, lanak...”. Atsotitzak dioen moduan, oztopo gabeko biderik ez, nonbait.