Ingurumena

artzantzaArtzaintza uzteak katean eragingo ditu ondorio ekologiko eta sozioekonomikoak

Euskal Herrian ez ezik eskualde atlantikoko mendietan ere gutxitzen ari den jarduera izanik, EHUko eta Neiker-Tecnaliako ikertzaile talde batek artzaintzari uzteak euskal mendietako landare-dibertsitatean eta ekintza mikrobianoan duen eragina aztertu du. Artzaintzaren ekologia eta landarediaren eta belarjaleen arteko elkarreragina izeneko ikerketa taldeak ondorioztatu duenez, mendi artzaintza murrizteak ondorio ekologikoak eragiten ditu: “Aldaketa garrantzi-tsuak dakartza lurzoruaren konposizio begetal eta mikrobianoan, eta, ondorioz, galera dibertsitate floristikoan eta larrearen kalitate nutritiboan, baita CO2 isurien gehikuntza ere”. Horrek, halaber, arlo sozioekonomikoan ere eragina duela nabarmendu dute ikertzaileek. EHUko ikerlari Arantza Aldezabalen hitzetan, “elkarrekintza konplexuz beteriko kate-prozesua da, eta esnea eta gazta bezalako mendiko elikagai tradizionalen kalitatean eta ekoizpenean ere ondorioak izan ditzake”. Besteak beste, artzaintzaren baldintzak kaltetuko lituzke eta, hortaz, hainbat nekazari-gunetako ekonomia ere bai. Arlo sozioekonomikoan izan ditzakeen eragin horiek guztiak aurrerantzean aztertuko dituzte, orain artean ekologia eta ingurumen alorra izan baitute aztergai nagusi. 2005ean hasi zuten ikerketa. Aralarreko larreetan bi eremu itxi zituzten (bata Oiduin, 860 metroko altueran, eta bestea Alotzan, ia 1.300 metroko altueran), inguruko belarjaleak ez zitezen lursail horietan sartu. 2010etik, bi eremuetako lurrak aztertu dituzte, eta artzaintza normaltasunez garatu zen tokiekin konparatu. Bi itxituretako  lurrak erritmo desberdinean garatu dira. Ikertzaileen ustez, altitudeak eragina izan du aldaketak gertatzeko orduan. Astiroago edo azkarrago jazo arren, aldaketak bietan antzeman dituzte.