Bitxikeria

etzandaIdazmahaian etzanda ere lan egin daiteke

Idazmahaiaren aurrean denbora luzez jarrera berean eserita egoteak ez dio batere onik egiten gorputzari. Jarrera egokia izan ezean, giharretako min eta lesioak garatzeko aukera handia izaten da. Arazoari irtenbidea eman nahian, AEBetako Altwork enpresak idazmahai berezia sortu du, aulki eta guzti: etzanda lan egitea ahalbidetzen du. Finean, eserita ez ezik, beste zenbait jarreratan ere lan egiteko aukera eskaintzen du. Besteak beste, ia erabat etzanda. Hau da, erabiltzaileak gorputza idazmahaiko ordenagailura egokitu beharrean, ordenagailua egokitzen zaio erabiltzailearen jarrerari. Horretarako, beso artikulatuak baliatzen ditu, baita imanak ere. Azken horiei esker, posizioa edozein dela ere, teklatuak eta saguak mahaiari lotuta jarraitzen dute. Gainera, kafe katilua uzteko mahai txiki bat ere badu albo batean. Altwork enpresa duela bost urte hasi zen proiektua garatzen. Enpresako sortzaileetako bat konturatu zen eserlekuan etzanda erosoago jarduteaz gain, produktiboagoa zela lanean. Bost urte eta gero sortu dute idazmahai berezia, eta dagoeneko merkaturatu dute AEBetan. Hori bai, erosotasunak eta balizko eraginkortasunak badute beren ordaina: aski garestia da. Zehazki, 4.900 dolar balio ditu idazmahaiak. Halako prezioarekin, ordenagailu aurreko gorputzaren jarrerak tentuz zaintzen jarraitu beharko!