Musika

elvisZein dira historiako musika talderik onenak?


Zaletasun kontuetan, esaera zaharrak dioen moduan, zenbat buru, hainbat aburu. Zaila izaten da subjektibotasunari iskin egitea. Nolanahi ere, ez dira gutxi nolako edo halako gaiaren inguruan egiten diren zerrendak: historiako filmik onenak, abesti ederrenak... Berriki, Rolling Stone aldizkariak historiako hamar musika talde eta abeslari onenen zerrenda osatu du. Horretarako, aldizkariko kideen zaletasunak hartu dituzte oinarri, baita musika taldeek beste artista batzuengan izandako eragina ere. Horren arabera, The Beatles talde ingelesa paratu dute zerrendaren lehen postuan. Bigarren postua, aldiz, Bob Dylan musikariari egokitu zaio, eta Elvis Presleyri hirugarrena. Ondoren etorri dira, hurrenkera honetan, The Rolling Stones, Chuck Berry, Jimmy Hendrix, James Brown, Little Richard, Aretha Franklin eta Ray Charles. Bistakoa denez, kultura anglosaxoiko erreferentziak dira jaun eta jabe zerrendan. Bertan ageri diren izenen garrantzia eta hurrenkera eztabaidaezina izango da batzuentzat, eta oso eztabaidagarria beste askorentzat. Baina, berriz ere atsotitzen mundu aberatsera jota, begi guztiek ez dute berdin ikusten... ezta belarri guztiek berdin entzun ere!