Hedabideak

hedabideakElkarlana, Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko

Hekimen elkarteak eta hainbat ikerketa taldek 2012an hasitako bideak bultzada sendoa jaso berri du urtarrilean, Hekimenek, UPV/EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko sinaturiko elkarlan akordioari esker. Hitzarmenaren bidez, babes instituzionala jaso du egitasmoak. Era berean, lankidetza markoa ezarrita geratu da erakunde akademikoen eta euskal hedabideen artean. Ikerketa, berrikuntza eta prospektiba garatzea izango dira elkarlanaren oinarri, baita euskal hedabideen datu basea sortzea eta euskal hedabideei buruzko topagunea garatzea ere. Euskal hedabideen sektorea indartsuagoa eta eraginkorragoa egitea du helburu lankidetzak. Zehazki, hiru helburu finkatu ditu hitzarmenak. Lehena, euskal hedabideen arloko ikerketa eta berrikun-tzarako gune bat zehaztea, lankidetzarako sinergiak eta dinamikak hobetzeko. Bigarrena, unibertsitatearekin elkarlanean euskal hedabideen balioa sustatzea, berrikuntzarako edo ezagutzaren transferentziarako estrategiak elkarbanatuta eta gizartearekiko loturak sendotuta. Eta azkenik, euskal hedabideen eta haren inguruko ikertaldeen ikusgarritasuna bultzatzea, komunikazioak eta euskarak gizartean daukan zeregina indartuta. Urtarrilaren 14an sinatu zuten akordioa Hekimeneko eta hiru unibertsitateetako ordezkariek, baina haien arteko elkarlana lehenagokoa da. Azken hiru urteotan, hiru unibertsitateetako ikerketa taldeekin egindako lanaren ondorioz hainbat egitasmo eta ikerketa lan bultzatu eta garatu dira.