Australia

ajeaAjea tratatzeko ospitalea zabaldu dute

Mozkortia izan gabe ere ondo jakina da zurrutak bestondoa ekarri ohi duela aldean. Biharamuna jasan egin behar, bezperan arduraz edan ez bada, ez baitago mirarizko bestelako konponbiderik. Sidney hirian ireki berri duten ospitale batean, ordea, ez dira horrekin bat etorriko, ajedunak artatzeko xedea dutenez gero. Alkohol gehiegi edatearen ondorioak tratatzeko bitaminak, zain barneko likidoak, goragalearen kontrako botikak eta oxigenoa ematen dizkiete pazienteei, 61 eta 129 euro bitarteko faktura ordaintzearen truke. Zerbitzuak polemika handi samarra eragin du herrialdean. Adibidez, Australiako Medikuntza Elkarteak gogor egin du ospitalearen aurka. Elkartearen ustez, mota horretako zerbitzuak eskainita mozkorkeria susta daiteke. Gainera, elkartearen arabera, ajearen aurkako tratamenduen eraginkortasuna ez dago ziurtatua, eta areagotu egiten da gehiegizko edanari loturiko bestelako faktoreak bazterrean uzteko arriskua. Esaterako, depresioa, traumak edota indarkeria. Ospitalearen arduradunek elkarteari erantzun diote esanez orain artean ez dutela inolako kexarik jaso eta erakunde publikoen ikuskaritzapean jardun dutela uneoro.