Baiona

baionaZabalik da Zizpa gaztetxea

Urte askoren ostean, Baionak badu gaztetxea. Urtarrilaren 23an zabaldu zituen ateak Zizpa gaztetxeak, Baionako geltokiaren ondoko eraikin batean. Orotara, 160 metro koadroko azalera du gaztetxe berriak. Herriko Etxeak utzi die lokala, gaztetxearen aldeko mugimenduarekin akordioa lortu eta gero. Nolanahi ere, autogestioa oinarri, gaztetxea askatasun osoz kudeatzeko asmoa azaldu dute gaztetxeko kideek. Egun osoko festarekin eta, auzapeza buru, udal ordezkariak bertan zirela egin zuten irekiera jaia. Aurrerantzean, leku bizi eta parte hartzailea izateko xedea dute gaztetxekoek. Hala, eragile askoren parte hartzearekin, hilero ekitaldi egitarau bat eskainiko dute Zizpan. Horien berri baionakogaztetxea.wordpress.com gunean jaso daiteke. Zizpa zabalduta, aspaldiko aldarrikapena betetzea lortu  dute Baionako gazteek. Izan ere, luzaroan ez da gaztetxerik izan Baionan, saiakerak egin izan diren arren. 2013an, adibidez, Herriko Etxearen esku zegoen lokal bat okupatu zuten. Atzerago ere egin daiteke: 2000. urtean, alokairuan harturiko lokal bat bihurtu zuten gaztetxe, baina hilabete eskas iraun zuen, jabeak jasandako presioak tarteko alokairua eten baitzuen. Oraingoan, baina, badute udal agintarien onespena. Hori baino are garrantzitsuagoa: gaztetxean eta gazte-txetik lanari ekiteko gogoa. Ongi etorri, Zizpa!