Ekonomia

richpoorAberatsen eta txiroen arteko aldea areagotu egin da munduan

Aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa da munduan, eta gutxien eta gehien dutenen arteko zuloa sakondu egin da. Hots, txiroak txiroagoak eta aberatsak are aberatsagoak dira. Datuak erakusle: munduko 62 aberatsenek biztanleriaren erdiak adina diru dute. Duela urtebete, aldiz, 80 ziren halako aberastasuna pilatzen zutenak; eta 2010ean, 388 lagun. Alegia, azken hamabost urteotako joerari segida emanda, txiroen eta abera-tsen arteko arrakala etengabe ari da zabaltzen: gehien dutenek gehiago pilatzen dute, gutxien dutenen kontura. Munduko 62 pertsona aberatsenek, esaterako, % 44 handitu dute euren ondasuna 2010etik: bost urteotan, 460.000 milioi euro gehiago irabazi eta 1,5 bilioi euroko ondasunak pilatu dituzte.  Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi ditu datuok, egoera salatzearekin batera. Berdintasun eza gero eta larriagoa dela-eta, neurriak hartzeko eskatu die munduko gobernuei. Iruzur fiskala borrokatzeari erreparatu dio batez ere. Oxfamen arabera, munduko aberatsenek 6,9 bilioi euro dituzte ezkutatuta paradisu fiskaletan. Iruzurraren aurka jotzeaz gain, txiroenen aldeko politika zehatzak eskatu ditu erakundeak, hala nola zerbitzu publikoetan inbertsioak ugaritzeko.