Komunikazioa

argia2016ko Argia sariek badituzte irabazleak

Usurbilgo Atxega jauregian banatu zituzten, iragan urtarrilaren 29an, 2016ko Argia sariak. Euskal komunikazioaren esparruan nabarmendu diren norbanako eta egitasmoei aitortza adierazteko banatzen ditu sariok Argia astekariak. Aurten, 27. ekitaldia bete dute eta, ohi legez, hainbat arlotako profesionalak eta proiektuak saritu dituzte. Hala, irratiaren esparruan, Euskal Irratietako Goiz Berri irratsaioak jaso du saria. Ikus-entzunezkoetan, Hiru Damatxo komunikazio zerbitzuen kooperatibako Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta Lander Arretxearen Gure Bazka bideo elkarrizketa sortari eman diote. Joxerra Senar Berriako kazetari eta CAN: Eta hemen ez da ezer gertatu (Pamiela) liburuaren egileak eskuratu du prentsa idatzizkoa. Interneti dagokionez, filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera eskaintzen duen Azpitituluak.com gunea izan da saritua. Sustapen-ekintzen alorrean, Gora Gasteiz! herri plataformaren lana saritu dute. Loreak filmak ere aitortza jaso du: Merezimenduzko Argia Saria. Zorionak guztiei!