Zinema

oskarrakIñarritu Oscar sarietan hautagai nagusi bigarren urtez jarraian

Iaz, Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendari mexikarrak lau urrezko garaikur jaso zituen Birdman filmarekin; aurten, berriz, gehiago lortzeko aukeran izango da otsailaren 26ko sari banaketan. Izan ere, zuzendariaren The Revenant filmak lortu ditu 2016ko Oscar sarietarako izendapen gehien. Guztira, hamabi. Jarraian, hamar izendapenekin, George Millerren Mad Max: Fury Road dago hautagai nagusien artean. Biak ala biak lehiatuko dira film onenaren saria eskuratzeko, hauekin batera: Adam McKayren The Big Short, Steven Spielbergen Bridge of Spies, John Crowleyren Brooklyn, Ridley Scotten The Martian, Lenny Abrahamsonen Room eta Tom McCarthyren Spotlight. Hautagai horietako bostek, gainera, zuzendari onenaren saria ere eskura lezakete. Zehazki, Adam McKay, George Miller, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Lenny Abrahamson eta Tom McCarthy izango dira lehia horretan. Emakumezko aktore onenaren sarirako izendatuak Cate Blanchett, Brie Larsson, Charlotte Rampling, Seorsie Ronan eta Jennifer Lawrence izan dira, Carol, Room, 45 years, Brooklyn eta Joy filmetan eginiko lanagatik. Gizonezkoei dagokienez, Bryan Crasnton (Trumbo), Matt Damon (The Martian), Eddie Redmayne (The Danish Girl), Michael Fassbender (Steve Jobs) eta Leonardo DiCaprio (The Revenant) dira bost hautagaiak. 2016ko Oscar sariek arreta berezia piztu dute Euskal Herrian, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak lehian izan zelako hasiera batean, nahiz eta bidean geratu den. Azken galbaheak, halaber, kanpoan utzi du Raul de la Fuente nafarraren Minerita, ia azken unera arte film labur dokumental onenaren saria jasotzeko hautagaien artean izandakoa.