Polemika beti izaten dugu, baina komeni da filosofia pixka batekin hartzea

penagarikanoKepa Peñagarikano, pilota hautatzailea

Pilotan jokatzetik pilotak aukeratzera igaro da Kepa Peñagarikano, Aspe eta Asegarce enpresen eskaintza onartu ostean material hautatzaile baita iazko abendutik. Juan Mari Juaristi Atano XIII.a ordezkatu du postuan. Hamahiru urtez pilotari profesional izan ondoren, iaz utzi zion jokatzeari. Material hautatzaile ez ezik, masajista ere badihardu Zestoan duen kontsultan, eta herri horretako pilota eskolako haurrak entrenatzen ere aritzen da.

Pilota utzi eta urte eta erdira pilota hautatzaile hasi zara. Frontoia faltan sumatzen zenuen?
Ez pentsa, uste baino gutxiago. Bizitza osoa ibili naiz frontoian eta, esan ohi den bezala, orrialdea atzean utzi dut. Beste gauza batzuk egin nahi nituen, beste kirol ba-tzuk praktikatu, lehen egiten ez nituen gauza asko eta bestelako plan motak, eta, egia esan, uste baino gutxiago sumatu dut  faltan.
Zer moduz orain arte?
Izan ditugu gorabeherak pilota aukeraketaren batean, kexa bat edo beste, baina uste dut oro har nahiko lan txukuna egiten ari garela. Bi enpresetako intendenteak ere asko ari zaizkit laguntzen, gauzak nahiko erraz ari zaizkit jartzen momentuz eta, beno, ea horrela segitzen dugun.
Pilotarien artean lagunik galtzeko beldurrik ez?
Ez. Hau lanbide bat da; frontoian, bakoitzak bere lana eta bere interesak ditu, eta hortik kanpo... Arazo guztiak frontoian utzi behar dira, hortik kanpora ez dago zertan haserretu.
Pilotan, nekez topatuko da hautatzailearena baino postu polemikoagorik.
Bai. Polemika beti izaten dugu, baina komeni da filosofia pixka batekin har-tzea. Nire asmoa horixe da. Frontoian kexatzea normala da, pilotariak bere interesak dauzkalako, beti nahi izaten duelako gustuko pilota. Pilotazaleek uler dezaten, kexaren zergatiari erreparatu behar zaio, alegia, pilota txarrak daudela edo ez zaizkiela gustatu. Ni ez nago pilotariari gustatzen zaion pilota aukeratzeko, baizik eta egokiak eta onak jartzeko. Beraz, zer-txobait erlatibizatu behar dira kexa horiek.
"Partida txarra denean bakarrik oroitzen da jendea pilotarekin" zioen Atano XIII.ak. Esker txarreko postua al da zurea?
Alde horretatik, bai, esker txarrekoa da. Partida ona ateratzen denean, pilotariak oso onak izan dira, eta oso ongi jokatu dute, eta... Partida 22-5 amaitzen bada, eta azkar joan baldin bada, jendea segituan hasten da akatsak bilatzen, eta lehenengo erruduna materiala izaten da beti. Baina beno, hori nahikoa barneratuta daukagu, beraz, aurrera begiratu beharko.
Pilota astintzetik masajeak ematera, eskuek eskertuko zizuten...
Bai. Pilotan, eskuak txikitu egiten dira, dezenteko arazoak izan ohi ditugu eskuetan. Niri dagoeneko leundu zaizkit zertxobait, eta zirkulazioa ere lehen baino hobea daukat. Eskuek eskertu didate pilota utzi izana, eta espero dut, orain eskua leunago izanda, masajea hartzera etortzen denak ere antzemango duela.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Denbora librea izateak.
Eta zerk tristatu? Eguraldi hitsak.
Zerk eragiten dizu barrea? Edozein komentario barregarrik.
Eta negarra? Gauza gogorrak ikusteak.
Zerk haserrarazten zaitu? Gezurrak.
Bizio bat: Jatea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Pilotaria, beti.
Orain, zer ez zenuke izan nahi? Lanpostu gogorren bateko langilea, baldintza txarretan.
Pilotari bat: Beloki.
Arerio bat: Beloki, era berean. Beti jokatu izan ditugu partida onak.
Frontoi bat: Donostiako Atano III. a.

Eñaut Mitxelena