Kaixo, zer nahi duzu?

Euskarak arnasguneak behar dituela gauza jakina da. Batzuetan, herriek osatzen dute gune hori; beste batzuetan, erakunde edota elkarteek. Hainbatetan, baita merkataritza guneek ere: saltzaile euskaldunak, eskaintza erakusten duten kartelak euskaraz... Horietara jo dugu oraingoan, hiru komertzio mota ezberdin aukeratuta: Donostiako Juantxo taberna, Lizarrako Etxe-Berria natur denda eta Bilboko Gili-Gili arropa denda. Guztiek egin dute bezeroak euskaraz artatzeko hautua, eta guztiek aitortzen dute euskara erabiltzeak balio erantsia dakarkiela euren negozioei. Gainera, argi dute bezeroek eskertu egiten dutela jarrera hori, ez euskaldunek soilik, baita euskara ikasten ari direnek ere. Haatik, denek aitortzen dute euren gunetik irten eta kalean euskaraz jarraitu ahal izateko asko falta dela oraindik. Hiru hauen eta beraiek bezalako beste askoren eredua jarraituz gero, azkarrago iritsiko ginateke edonon euskaraz bizitzera, zalantzarik ez. Eñaut Mitxelena, Arkaitz Almortza, M. Egimendi.
juantxo

“Bezeroek pila bat eskertu izan digute euskaraz aritzea”

Donostiarren artean ez ezik, Donostiara hurbiltzen direnen artean ere aski ezaguna da Alde Zaharreko Juantxo taberna. Joxe Mari Agirre ataundarraren familiak maiztertzan du 1980tik (2003tik Gandarias jatetxea ere badute), eta ordutik erreferentziazko txokoa da bere eskaintzarengatik. Ogitarteko eta pintxoen usainaz harago, euskara ere arnasten da Juantxon.

Sartu eta berehala nabari da euskarak Juantxon duen tokia. Barraren atzealdean euskara da nagusi zerbitzarien ahotan, eta tabernako hormetan agerikoa da euskararekiko konpromisoa. Donostiako irudi zaharrekin batera ikus daitezke Korrikak tabernari eskainitako esker oneko aitortzak, Donostiako Kantu Jirarenak, Santa Ageda egunean tabernari eskaini izan dizkioten koplak, Joxean Artzeren esaldi famatua... “Beti artatu izan dugu euskaraz” azaldu du Agirrek. “Aurreko nagusia euskal hiztuna zen, baina gaztelaniaz egiten zuen. Guk hartu genuenetik, euskara izan dugu beti hizkuntza nagusi. Zerbitzariek, adibidez, euskaldunak izan behar dute. Denbora guztian gabiltza euskaraz”.
Jakina, tabernako eskaintza ere euskaraz irakur daiteke paretetan. Patata tortilla ogitartekoa, txibiena… ezagunak bezain ulergarriak dira Juantxoko sukaldetik irteten diren jakiak. “Azkenean, lau hitz behar ditugu hemen, beti erraztera jo izan dugulako. Euskaraz idatzita, baina aparteko misteriorik gabe: xerra, txipiroia, mistoa, txorizoa… ez dago hitz arrarorik. Hirugiharra igual arraroena, kar-kar!”.
Euskaldun zaharra da Agirre, baina tabernan euskaraz jardutea propio harturiko erabakia izan zen. “Hasi ginenean, pentsatzen genuen agian aldaketa handiegia izango zela. Ordura arte gaztelaniaz egiten zuten tabernan, eta gu euskaraz hasita... Baina guztiz kontrakoa gertatu zen: bezeroek pila-pila bat eskertu izan digute. Egun, normalagoa da ostalaritzan eta komer-tzioetan euskara entzutea, baina garai hartan Donostiara etorri eta euskaraz hitz egin zitekeen taberna bat topatzea asko eskertzen zen”.
Euskarak balio erantsia duela argi du Agirrek. Iaz Donostiako Udalak abiarazitako Merkataritzan eta Ostalaritzan ere euskaraz kanpainan parte hartu zuten Juantxokoek.  Kanpaina haren harira, Udaleko Euskara Zerbitzuak honakoa nabarmendu zuen: “Donostiako merkataritzaren bezero garrantzitsuenak donostiarrak eta gipuzkoarrak izanik (% 71,9), eta kontuan hartuta horien euskararen ezagu-tza (donostiarren % 40,6 euskalduna da eta % 28,6 ia-euskalduna, eta gipuzkoarren % 53,7 euskalduna da eta % 22,7 ia- euskalduna), euskaraz hitz egiteko eskaintza bermatuz gero, bezero euskaldunari zerbitzu hobea eskainiko zaio, eta negozioa errentagarriagoa izango da”. Kanpainaren aurkezpenean bezero batek esandakoak ekarri ditu gogora Agirrek: “Emakume hark esan zuen, euskaraz zekiten tokiak ikusiz gero, haietan sartzen zela. Azken batean, dena da positiboa. Guk gure alea ipintzen dugu, ohitura finkatzeko. Komertzio aldetik, behintzat, ez du batere kalterik egiten, seguru”. Hala ere, beraren iritziz, ostalaritzan eta komertzioan “asko dago egiteko oraindik ere. Hemengo komertzioan ez da euskara gehiegi egiten”.
Euren tabernan bezeroak euskaraz arta-tzen dituzten bezala, berak ere gustuko du euskaraz arta dezaten. Horretarako, lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du. “Nik ere, kanpoan, errespetu osoz, euskaraz egiten dut lehenengo diosala. Ondoren, ez didala ulertzen esaten badit, gaztelaniaz jarraitzen dut; euskaraz egiten badit, euskaraz segitzen dut. Errespetua, ez da besterik”. Lanean ere errespetuz jokatu eta errespetua eskatu. “Bezeroek errespetatzen duten heinean, guk ere begirunez jokatzen dugu. Diosala, euskaraz eta gero, badakien ala ez, horren arabera jarraitu. Ez gara aritzen hemengo zigilua jarri nahian; ez gara halakoetan sartzen. Diosalaren ostean badakigu bezeroa nongoa den, eta horren arabera jarraitzen dugu”.
Donostiako Alde Zaharrean turistak ugari ibiltzen direnez, ohikoa da askotariko hizkun-tzak entzutea. Halere, Juantxoko bezero nagusia “langile jendea da batez ere. Baita gazte jendea ere: egun-pasa Donostiara etorri eta, eguna betetzeko, gurean ogitartekoa jatea erabaki-tzen duena. Familiak umeekin ere bai… Dagoeneko hiru belaunaldi ezagutu ditut nik!”. Alegia, bertako jendea izaten dute gehienbat. Turistak, gutxiago: “Kale hau ez da oso jendetsua, pintxo taberna ikusi eta bertara sartzen den turista ez da hona etortzen, ez bada erreferentziaren bat duelako”. Hala, sartzen diren turista apur horiek “ez diote kasu handiegirik egiten hizkuntzari. Espainiatik-eta etortzen direnei bai, horiei atentzio apur bat ematen die”.
Euskara entzun gabe, behintzat, inor ez da irteten Juantxotik. Jada klasikoak dira zerbitzariek sukaldera interfono bidez egiten dituzten eskaerak, euskaraz, eta uneoro en-tzun daitezke tabernan sartu-irtena eginez gero. Tabernatik kanpo ere entzun ohi ditu Agirrek, eta biziki pozten dute: “Ez dakizu zer-nolako poza ematen duen, adibidez, norabait trenean joan eta Juantxokoa naizela antzemanda baten batek “Bi tortillanak, bi!” esatea. Ederra da, poz handia ematen du”.

olga

“Euskal hiztunek ongi dakite non egin dezaketen euskaraz, eta hori aintzat hartzen dute”

Oso garbi izan zuen Olga Landak (Lizarra, 1971) hasieratik: 2012ko udazkenean zabaldu zuen natur dendak euskararen beste arnasgune bat izan behar zuen Lizarran. Egun, horixe da. “Euskal hiztunen beste bilgune bat sortzea lortu dut hemen” dio. Ostegunetan, esaterako, mintzatalde bat etortzen da, ardo, garagardo, kafe zein zuku ekologikoak dastatuz euskarari hauspoa emateko xedez. 

Haizearekin dantzatzen garen hostoak gara bizitza honetan. Alde batetik bestera ibiltzen gara, noraezean. Hosto horietako bat da Olga Landa lizartarra. Urte askotan AEK euskaltegiko bulegoan lanean egon ostean, Etxe-Berria natur denda zabaldu du bere sorterrian. Lizarrako Alde Zaharraren bihotzean kokaturik, ekologia du ardatz Landaren txokoak. Batetik, elikagai eta produktu ekologikoak saltzen ditu, eta, bestetik, salgai duena dastatzeko aukera eskaintzen dio bezeroari.
Halere, elikadura ekologikoa bultzatzeaz gain, hizkuntza-ekologiaren aldeko apustuari tinko eutsi dio hasieratik: “Ireki aurretik, Bai Euskarari ziurtagiria eskatu nuen, argi bainuen beste arnasgune bat sortu nahi nuela Lizarran” azaldu du. Bere garaian herriak euskara galdu zuen arren, emeki-emeki eta batez ere bizilagunen borondate onari esker, Aitorren hizkuntza zaharra bere lekua har-tzen ari da Ega ibaiaren hiriburuan (eremu mistoan kokaturik dago, Euskararen  Legearen arabera). “Apurka-apurka, gero eta euskaldun gehiago gaude hiriko merkataritzan lanean” azpimarratu du. Ildo beretik, zera dio: “Euskal hiztunek ongi dakite non egin dezaketen euskaraz, eta hori aintzat hartzen dute; uste dut horregatik ere gustura egoten direla hemen”. Hala, euskara balio erantsia dela uste du: “Nire bezero asko euskaldunak dira, eta uste dut horietatik asko horrexegatik hurbiltzen direla niregana”.
Euskal hiztunen komunitatea aberasten ari da Lizarra. Egunetik egunera, euskaldunen sarea indartzen ari da, herri mugimenduak eta hiriko Beinat Etxepare AEK euskaltegia egiten ari den lan txukunari esker. “Euskara ikasten ari den jendea praktikatzera gerturatzen da, izan ere, jendeak badaki euskalduna naizela eta nirekin euskaraz egiteko aukera duela”. Ostegunetan, adibidez, mintzatalde bat elkartzen da, produktu ekologikoak dastatuz, hitz eta pitz, mingaina dantzan jartzeko helburuarekin.
Euskara nonahi arnasten da Etxe-Berria natur dendan, hala nola Landak berak idazten dituen errotuluetan edota bezeroari ongietorria egiten dionean. “Salbuespenak salbuespen, ahal dudanean lehenengo hitza euskaraz egiten saiatzen naiz beti”. Maiz hizkuntz jolasak gertatzen direla dio, adibidez: “Askotan, kanpotik etortzen diren euskaldunek gaztelaniaz egiten didate, eta euskaraz erantzuten diedanean ohartzen dira euskalduna naizela; orduan, berehala aldatzen dute hizkuntza”.
Txikitatik hitz egiten du euskaraz Olga Landak. Gaztetatik ibili izan da euskararen alde lanean, eta euskal hizkuntzarekin duen konpromisoa da natur dendaren zutabeetako bat. Antolatzen dituen jarduerak dira horren adibide, ardo dastatze euskalduna, esaterako. Zorionez, Estellerriko hainbat upategik euskaraz eskaintzen dute euren zerbitzua; horri esker, aitzakia ezin hobea izan zuten, ardo ekologiko ona eskuan, euskaraz mintzatzeko: “Oso esperientzia polita izan zen. Lizarrako euskaldunon sarean ia guztiok ezagutzen dugu elkar; oso giro goxoa izan genuen”.
Euskarak indartsu hartzen du arnas Lizarrako Etxe-Berria natur dendan. Ardo dastaketaz gain, jarduera gehiago antolatzen ditu Olga Landak urte osoan: ipuin kontalariak, kontzertuak edota sukaldaritza ikastaroak (une honetan, hori da gaztelaniaz eskaintzen duen zerbitzu bakarra). Ahalegina egiten du horiek guztiak euskaraz edo, behintzat, ele bitan eskaintzeko.  2016an laugarren urteari ekingo dio eta, orain arte bezala, ekologiaren banderaren atzetik emango ditu pausoak Lizarrako dendariak, bai elikagai osasungarriagoak bultzatuz, baita euskaren sustapena indartuz ere.    

giligili

“Gure hizkuntzan hurbiltzen gara jendearengana”

Pello eta Manoli dira Bilboko Gili-Gili arropa dendaren jabeak. Duela 22 urte zabaldu zuten Zazpi Kaleetan, Ondarroan zutena itxi ondoren, Bilbon gaur egun baino euskara gutxiago entzuten zenean. Halere, hasieratik izan zuten oso argi euskaraz eskainiko zutela zerbitzua, ordura arte bezala.
Euskaraz bizi ziren herrian, eta hiriburuan halaxe jarraitzea erabaki zuten: “Ondarroan beti egin izan da euskaraz, baita Francoren garaian ere. Gaztelaniaz badakigu, baina euskaldunak gara, beraz, bezeroak euskaraz artatuko genituela erabaki genuen”. Bilboko Zazpi Kaleetara, gainera, “hainbat jende etortzen da herrietatik erosketak egitera, eta eskertu egiten dute dendan euskaraz hitz egitea”.
Dendan lanean dituzten neskek beti botatzen dute lehen hitza euskaraz: “Geure hizkuntzan hurbiltzen gara jendearengana. Bezeroak ez badaki, gaztelaniaz egingo diote, guztiz adeitsu. Jakina, geuk ere euskaraz egiten dugu neskekin”. Dendan entzuten den musikak ere giro euskalduna sortzen laguntzen du, izan ere, “gehiena euskal musika izaten da”.
Gili-Gilin lan egiteko ezinbesteko baldintza da, hortaz, euskaraz jakitea. Horrek ez omen die arazo larregi eragin: “Hasieran, aurpegi txar gehiago izan genuen, zakarkeriaren bat edo beste ere entzun genuen. Adibidez, curriculumak ekarri zizkigutenen artean, batek esan zigun euskarak ez duela balio arropa kontuetarako. Kalera atera genuen, kar-kar!”. Bazuten beste arrazoi bat ere dendari euskaldunak eskatzeko: “Langile erdaldunak hartu izan bagenitu, gaztelaniaz egin beharko genukeen eurekin, eta guk euskaraz bizi nahi dugu. Dendan ere euskaraz bizitzeko modua aukeratu genuen”. 
Azpimarratu egiten dute bezeroari ilusio handia egiten diola dendan euskaraz berba egin ahal izateak: “Esan egiten digute, eta biziki eskertu, harremana horrela gertukoagoa delako. Horrek konfiantza handiagoa ematen du. Jendea etortzen zaigu gure arropa gustukoa duelako, jakina, baina baita euskaragatik ere”.
Are gehiago, euskaraz nekez aritzen diren bezeroak “ahalegindu” egiten omen dira Gili-Gilin euskaraz hitz egiten: “Gutxi jakin arren, saiatu egiten dira, badakitelako hemen euskaraz egiten dela. Guk berdin-berdin tratatuko genituzke gaztelaniaz, baina eurek euskaraz egin behar dutela sentitzen dute. Hemen euskara asko entzuten da”.
Haatik, kalea euskalduna izan dadin asko falta dela diote: “Gehiegi. Kanpaina solteak besterik ez da egiten, jarraitutasunik gabe: txartel batzuk ipini eta kito. Justifikatzeko baino ez dute balio, elkarteen aldetik-eta ez delako benetan beharrik egiten erabileraren alde. Marketinagatik bakarrik balitz ere aztertu egin beharko litzateke nolako onura ekartzen dion merkataritzari euskara erabiltzeak, baina ez da ezer egiten. Ezta Udalak ere, orain arte ez dugu alkate euskaldunik ere eduki”.
Manolik eta Pellok ziurtasun osoz esaten dute “euskarak saldu” egiten duela: “Pertsona bakoitza hobeto sentitzen da bere hizkuntzan, toki guztietan. Multinazionalak ere konturatu dira horretaz, eta orain batzuek bi hizkuntzetan jartzen dituzte txartelak, euskaraz eta gaztelaniaz. Gutxienekoa da, marketina, baina hasi dira pixkanaka. Beste kontu bat da ez dituztela langile euskaldunak, baina bezeroekin askoz ere gutxiago hitz egiten dutenez... Denda txikietan, ordea, berba egiten dugu eroslearekin, arreta pertsonalizatua eskaintzen dugu, eta hor sartzen da euskara”.
Ezaguna da euren jarrera, hasieratik: “Jendeak dendaren izena ere ez zekienean eta bila zebilenean, 'esa tienda en la que hablan en euskara?' galdetzen zuen”. Halaber, komunikabideek Bilbon merkatari euskaldunak behar dituztenean, “beti jotzen dute guregana. Lotsagarria da, baina arropa modaren arloan ez dago euskaldunik Bilbon”. Tamalez, premia oraindik ere nabaria da.