Atabalen espirituaz blai

atabal

Kontzertu areto paregabea da Atabal. Era guztietako ikusleak hartzen ditu; izan ere, tokiko taldeak, oraintsu azaleratzen ari direnak, nazio eta nazioarte mailan ezagunak… aritzen dira bertan. Jarduera, prestakuntza eta sorkuntza anitzeko gunea da. Jende guztiari zabalduta dago topagunea. Gau eta egun, askotariko programazio zabala eskaintzen du publiko mota ororen gozamenerako. Nerea Olaso.

Aniztasunak bereizten du Atabal, areto, zerbitzu eta diziplina ugari eskaintzen baititu. Musikari guztientzat da: amateurrentzat zein profesionalentzat; ikasle, aditu, haur eta helduentzat; taldeen jarraitzaileentzat nahiz musika berriak ezagutzea maite dutenen-tzat. Denak hartzen ditu Atabalek, gustura hartu ere. Berriki 10 urte bete ditu eta dagoeneko erabat finkatuta dago Biarritzen.
Euskal Herrian ez ezik, Frantzian ere ezaguna egin da urte hauetan guztietan. 1.800 metro karratuko espazioan eraikitako laukizuzen honetan, ezohiko zerbitzua eskaintzen da. Kontzertuak areto nagusian egin ohi dira, alegia, Atabalen bihotzean. Horrez gain, kafetegian ere bada beste mota bateko kontzertuak eskaintzeko oholtza txikia, eta giro paregabea sortu ohi  da gune horretan. Halaber, lau estudio ditu errepikak eta grabazioak egiteko.
Bertara sartu eta itzuli bat eginez gero, lehen mailako ekipamendua aurki daiteke: bateriak, gitarra anplifikadoreak, teklatuak, ordenagailu bidezko nahasketak egiteko materiala, mikrofonoak…  Atabal erakusketa artistikoaren eta kulturaren gune ere bada. Musika zentroa Biarritzeko kanpoaldean dago, La Négressen, Baiona, Angelu eta Biarritzeko (BAB) kultur estrategiaren baitan.
2005eko azaroaren 25ean ireki zen lehendabizikoz. Ordura arte, ez zegoen ezer. Ideia ez zen ustekabean sortu. “Biarritzen, duela 20 urte hasi ginen gaur egungo musikaz gogoeta egiten. Zenbait elkarterekin batu eta Biarritz 2001 sortu genuen hasieran” dio Brice Morin Atabaleko langileak. “Jarraian, Extravagant jaialdia iritsi zen, eta gero Big festival. Kulturaren eta gaur egungo musiken inguruan zerbait behar zen Biarritzen eta Ipar Euskal Herrian, eta Atabal eraikitzen hasi ginen, beste toki batzuetan ere horrelako gauzak sortzen zituztela ikusita”.
Kontzertuek eman diote ospea Atabali, baina ez da horretara mugatzen, askoz ere gauza gehiago eskaintzen dira bertan. Alabaina, estudioek, multimedia gelak eta prestakuntzak egiten dute berezi gunea. Ikus-entzuneko ikasleek proiektuak gauzatzen dituzte, eta prestakuntza profesionaletan ere jendearen joan-etorri handia izan ohi da. Orain lau urte, gainera, eskolekin lanean hasi ziren Atabalekoak; zehazki, hezkuntza artistiko eta kulturala eskaintzen dute.
Rock eskola berritzailea
Musika beste molde batez irakasten dute Haitz Ostolazak eta Patrice Watson Dumorak, besteak beste. “Euskaraz ere bai” azpimarratu dute biek. Rock eskola anitz daude Ipar Euskal Herrian, baina euskaraz jarduten dutenak, ordea, ez hainbeste. Euskal kulturak toki inportantea du eskola horietan, eta euskal kantuak beti izaten dira errepertorioan. “Abesbatzan, beste batzuen artean, Mikel Laboa, The Uski's, Mikel Urdangarin eta Itoitzen kantuak lantzen ditugu” azaldu du Watsonek. “Eskaintza hori badugu eta, galde handirik ez dagoen arren, gero eta jende gehiago hurbiltzen da” dio Ostolazak. “Euskalduna ez den publikoari euskaraz eginiko gauza asko eskaintzen diogu, hori da garrantzitsuena”.
Rock eskolan bateria, gitarra, teklatua eta baxua jotzen eta kantatzen ikasten da. Musika ez da kontserbatorioetan bezala irakasten eta, teoria apur bat ematen bada ere, xedea da nork bere zaletasunak lantzea. Hots, popa, metala, rocka, folka…. Urte osoan kantu zehatz batzuk ikasi eta ikasturte amaieran kon-tzertu batean aurkezten dira areto nagusian. “Aurten, 180 ikasle ditugu” kontatu digu Brice Morinek. “Haurrak 10 urtetik gora hasten dira, eta txikiagoentzat iratzartze musikala dugu. 3 eta 10 urte bitarteko 20-30 ikasle ditugu. Horretaz gain, 50 talde inguru etortzen dira urtean errepikak eta entseguak egitera, kontzertuak edo hurrengo CDa prestatzera”.
Azken berritasuna da aurten lehen aldiz ezarritako Dj-musika elektronikoa irakasteko ikastaroa, bospasei ikaslerekin abiatua.
Musikarien bizitegi
Urte osoan landutako kantuak grabatzeko aukera dago maketak egiteko gelan. Eskolekin partekatutako proiektuak amaitzeko ere era polita izan ohi da hainbat kantu grabatzea. Hiru estudio daude guztira, eta ondoan ordenagailuekin grabatzeko gela bat.
Tokiko sortzaileentzat erreferentziazko lekua da. Euren musika ekoizteko parada eskaintzen die, eta, gainera, nazioarteko talde handiek egiten duten toki berean jotzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Rock eskolako ikasleez gain, estudioetan entseguak egiten dituzten musikariak aurki ditzakegu. “Oso erosoa da, material guztia beti egoten delako hemen; beraz, iritsi, mikroak piztu eta lanean has gaitezke” esan digu Ortzi Hegoas Xutik taldeko bateria joleak. Errepikak egiteko gaztetxez gaztetxe ibili ostean, duela bizpahiru urtetik ostiralero biltzen dira Atabalen. “Miarriztarra izaki, horrelako toki bati bizitza ematea, eta gainera euskaraz egitea, oso polita da” gaineratu du. “Euskarak toki garrantzitsua dauka ekintza eta ikuskizunetan, afixak ere elebidunak izaten dira, langileen zati handi bat euskalduna da, eta, euskal talde bat garen heinean, garrantzi handia ematen diogu horri guztiari”.
Deluxe talde frantses ezagunaren gonbidatu gisa jo zuten aurrenekoz Atabalen. Azken kontzertua, ordea, 2015eko irailaren 25ean eskaini zuten, Hameka begirada azken diskoa aurkezteko. Aretoa gainezka, 700 jarraitzaileren aurrean eta etxean: ikuskizunak xarma berezia izan zuen. Baina ikusle moduan ere askotan gozatu dute Xutik taldeko kideek Atabalen, ostatuko kafe kontzertuetan nahiz agertoki handian. Bertatik, besteak beste, Berri Txarrak eta Fermin Muguruza igaro izan dira, baita Lou Doillon, Puppetmastaz eta The Jon Spencer Blues Explosion famatuak ere. Musikak ez ezik, antzerkiak eta sorkuntzak ere badute tokia. Egonaldi artistikoak egiteko aukera eskaintzen da artisten txokoan eta bertan, pausatzeaz gain, sortzaileek hausnartzeko tartea hartzen dute. Batzuetan, proiektua bukatuta izan arren, horrelako egonaldietan, inspirazioa lagun, azken aldaketak egiteko profitatzen dute.
Etorkizuna, alde
Euskara hastapenetik egon bada ere, duela hiruzpalau urte Euskal Erakunde Publikoarekin eta Biarritzeko euskara bulegoarekin lankide-tzan hasi ziren Atabalekoak. Webgunea eta egitaraua beti aurki daitezke ele bitan, eta langileek prestakuntza jasotzen dute AEKren eskutik. 
Horri eustea da erronka nagusietako bat. Epe motzera, baina, dibertsifikatzen jarraitu nahi dute. Publiko gaztearekin eta oro har era guztietako jendearekin ekintzak egitea da helburua. Atabalen izaerak Biarritzeko jaialdi eta ikuskizun anitz erakarri ditu urte hauetan. Lantalde gazte eta dinamiko baten zuzendaritzapean, musika ikuskizun historikoak utzi dizkigu. Halere, esan bezala, kontzertu aretoa baino askoz gehiago da. Musika garaikideak bidea markatuko du, noski, baina kulturari eta aniztasunari begira lanean jarraituko dute.