“Euskarak askatasun handiagoa eman dit”

juanma

AEK jendea dugu Juanma Iturriondo (Donostia, 1964), Usurbilen bizi den lasartearra. AEK bidelagun, aspaldi ekin zion euskalduntzeari, eta aspalditik bizi da euskaraz. Egunerokoan, lanean edota Lasarte-Oriako Ostadar kirol taldean lanean eta entrenatzaile, euskara du ahoan eta gogoan. Ahaleginean zein erabakian irmo egin ditu euskararekiko eta euskarazko urratsak. Azken hamarraldiotan euren burua euskaratu duten beste milaka eta milaka lagunen antzera, askorentzat eredu eta pizgarr2 da haren jarrera. AEK jendea ekimenarekin, AEK bidaide eta lagun izan duten horiek guztiak erdigunean paratu nahi ditu AEK-k. Denak ala denak baitira AEK jende, Juanma Iturriondoren antzera. Eñaut Mitxelena.

Noiz erabaki zenuen euskara ikastea?
Betidanik izan dut buruan, txiki-txikitatik; argi neukan ikasi egin behar nuela. Hortaz, ikasteko aukera izan nuenean hasi nintzen. Soldaduskara joan baino lehenago saiakera txiki ba-tzuk egin nituen, baina soldaduskatik etorri eta gero hartu nuen serioago, 22 urterekin-edo.
Zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Alde batetik, nahiz eta euskara ez jakin, beti sentitu izan naizelako euskaldun. Aita, adibidez, euskalduna dut. Amak, berriz, Ordizian jaio eta hemengoa izan arren, ez zekien euskaraz. Ondorioz, nik ez nuen euskara ikasi amak ez zekielako: anaia-arrebok amarekin pasatzen genuen ia denbora guztia; aita beti egoten zenez etxetik kanpo, ez zigun batere irakatsi. Baina ikasi behar nuela betidanik izan dut argi. Nire helburua beti izan zen, gehienbat, euskaraz hitz egitea. Erabil-tzeko ikasi nahi nuen, edozein tokitara joanda euskaraz egiteko gai izateko.
Zer eman dizu euskarak?
Askatasun handiagoa. Euskara ikasi arte, zenbait tokitan edota zenbait giro euskaldunetan mugatuta nengoen. Zer edo zer uler nezakeen, baina ez nintzen besteak bezala sentitzen. Beraz, askatasun handiagoa eman dit, eta, egia esan, oso harro sentitzen naiz euskara ikasi dudalako.
Nolakoa da zure bizimodu euskalduna?
Polita. Gainera, bizitzak aurrera egin ahala, euskara jakitea gero eta beharrezkoagoa izan da niretzat. Usurbilen bizi naiz, herri euskalduna da eta euskararen erabilpena oso handia da. Goierrin egiten dut lan, han euskara uneoro arnasten da eta beraz, guztiz beharrezkoa duzu. Bestalde, Lasarteko Ostadar kirol taldearen sortzaile eta kidea naiz, futbol entrenatzailea luzaroan, eta entrenatu ditudan taldeetan beti aritu izan naiz euskaraz. Hortaz, aurkitu izan ditut hainbat euskal gune edo giro euskaraz egiteko, eta horrela egin dut.
AEKn ibili izan zara euskara ikasten. Zer moduzko esperientzia izan da?
Egia esan, esan daiteke euskara ikasi nuela ia-ia bi urtean, duela 28 urte inguru. Langabeentzako ikastaro trinko bat egin nuen lehenik. Hura bukatuta, hilabete eman nuen Amezketako barnetegian; gero, Donostiako Rikardo Arregi euskaltegian pare bat hil, eta, lanetik bota nindutenean, nahiz eta lana galdu, zorionez egoera eta dirua neukala aprobetxatu eta AEKren lau hileko barnetegi batean eman nuen izena. Hortik aurrera, nire burua gai ikusi nuen euskaraz egiteko eta, gerora,  kalea eta entrenatu ditudan jokalariak izan ditut irakasle. Duela bi urtera arte, ez naiz berriro euskaltegi batean izan. Denbora librea neukanez, berriz eman nuen izena, euskaraz hobeto idazteko. 2. HE ere atera nuen, nahiz eta ez zen nire helburua. Bestela, dakidan guztia kalean ikasi dut; kalean edota telebista entzunez, edota lagunartean hizketan eta lagunek zuzenduta. Horrela hartu dut erraztasuna, baita asko erabili dudalako ere, eta sekula ez dudalako izan hanka sartzeko beldurrik. Argi eta garbi, gakoa erabilera izan da, eta hor dago koxka: zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeto hitz egingo duzu, errazago, azkarrago... eta iritsiko da momentu bat erdara zeharo baztertu eta euskaraz hitz egin ahal izango duzuna.
AEKn izango dituzu bizipenak...
Asko. Gainera, AEK-k asko lagundu dit. Bertan hasi nintzenean, oso lotsatia nintzen. Irakasten zizkigutenekin batera, ariketak egin behar izaten genituen, eta kalean elkarrizketak eta zenbait saiakera... Horrek asko lagundu zidan lotsa galtzeko orduan. Gaur egun, laneko batzar orokorretan arazorik gabe hitz egin dezaket euskaraz ehun lagunen aurrean. Entrenatzaile ere, jokalarien edo gurasoen aurrean hitz egiteko, aspaldi baztertu nuen lotsa hori. Horretan, izugarri lagundu zidan AEK-k. Bestela ere bizipen pila bat dut. Beti izan naiz AEKren zale eta jarraitzaile. Gogoratzen dut, adibidez, Errigoitiko barnetegian egon nintzenean, Eusko Jaurlaritzak AEKri diru-laguntzak jasotzeko oztopoak ipintzen zizkion garaian, nola sartu ginen protesta ekintza batean Gernikako Batzar Nagusietan… AEKn ez dakit zenbat ekintzatan parte hartu izan dudan: Lasarteko euskararen maratoian, bertsoak kantatzen... Pasadizo asko eta oso politak. Ezagutu dudan jende guztiarekin ere harremanak oso onak izan dira..
AEKri laguntzeko, beti prest.
Beti. AEKtik asko jaso dut eta, bueltatzeko aukera baldin badaukat, zoriontsua naiz.
Ostadar kirol taldean lehen futbol taldea atera zenuenetik urte luzez aritu izan zara entrenatzaile eta maila guztietan taldeak sortzen. Hor ere euskaraz ja.
Bai, argi nuen. Futbol federatuko taldea atera nuen, besteak beste, Lasarten bazegoelako futbolean eta euskararen esparruan hutsunea. Garai hartan, hiruzpalau talde zeuden herrian, baina guztiek gaztelaniaz entrenatzen zuten eta beraien arteko harremanak ere hizkuntza horretan ziren. Baina Lasarten bazegoen ikastola bat, Landaberri ikastola. Ikusten nuen ikastolako haur eta jokalariek ez zeukatela aukerarik eskolatik kanpo futbolean euskaraz egiteko. Ondorioz, lehen futbol taldea sortu nuen, euskaraz egin zezaten, giro euskalduna sortzeko eta talde barruko harreman guztiak euskaldunak izan zitezen. Ostadarren, beti defendatu izan dut euskararen erabilera kirolarekin batera.
 Euskaraz egiten duzu, baina nahi duzu jendeak ere erabiltzea.
Bai. Gure bizilekua, Lasarte nahiz Euskal Herria, gero eta euskaldunagoa izatea nahi dut.  Euskararen egoera asko aldatu da Lasarte aldean azken 30 urteotan. Gero eta gehiago entzuten da herrian, eta niretzat hori oso-oso polita da. Herri administrazioetan ere behartzen ditut euskara erabiltzera. Edozein tokitara joaten naizenean, beti hasten naiz euskaraz. Osakidetzan, udaletan, postetxean… nolabait probokatu egiten dut euskaraz erantzuteko behar hori, erakusteko euskaldunak bagaudela eta euskaraz artatuak izateko eskubidea dugula, hemengoak garelako eta hemengo hizkuntza delako. Pila bat izorratzen nau, adibidez, zenbait tabernatara joan eta euskaraz ez dakien tabernaria topa-tzeak. Ez diot kristoren maila eduki behar duenik. Baina batzuetan gertatzen da, eta lo-tsagarria iruditzen zait, zurito bat eskatu eta hark “niri gaztelaniaz, mesedez” erantzutea. Zurito bat eskatu dizut, ez auskalo zer! Nire ustez, gutxienekoa azaldu beharko lukete. Horregatik probokatzen dut horrelako egoeretan: ez dakitenek behar hori sumatzen badute, agian animatuko dira euskara ikastera. Ondoren, seguru gustura sentituko direla, gai izango direlako edozeini erantzuteko, erabil-tzen duten hizkuntza erabiltzen dutela.