Sormenaren erlauntza

jazar

Oso animalia langilea da erlea. Eguzkiaren lehen izpiekin batera esnatu eta lorez lore ibiltzen da polena biltzen. Ostean, kofoinera eramaten du, ezti gozoa egiteko xedez. Iruñeko Etxabakoitz auzoan, bost solairuko erlauntza sortu dute. Bertako lagunek irudimenarekin egiten dute hegan proiektu batetik bestera. Eztia ekoiztu beharrean, ordea, artea sortzen dute. Txokoak Jazar izena du, eta sormenaren erlauntza da. Arkaitz Almortza.

Ttakun, ttakun! Txalapartaren doinuak entzuten dira eraikinaren barruan. Egurrezko oholen erritmoan ari dira dantzan josteko makinak. Zirt-zart... jostorratza sartu eta irten, goitik behera. Hamaika koloredun jan-tzia prestatzen ari dira. Arratsaldean antzeztuko duten obrako protagonistarena da. Gibeleko aretoan daude aktoreak. Kirioak dantzan dituzte. Ez da harritzekoa, ez baitute erronka makala: euren gorputzaren bidez, ametsen lurraldera eraman behar dituzte ikusleak. Bat-batean, neskato bat atetik sartu eta labetik atera berria den ogia eman die, indarrak har ditzaten. Bertako ogia da, autokontsumo taldeak egindakoa, hain zuzen. Halakoxea da Jazar: arteak, sormenak eta irudimenak elkarri eskua ematen dioten utopia erreala.
Ametsak amesten direnean bakarrik dira amets. Aitzitik, betetzen direnean, bizi-tzaren bidaian barrena belaontziari aurrera egiteko haizea ematen dioten ufadak dira. Ondotxo dakite hori Etxabakoitz auzoko (Iruñea) Jazar sormen lantegiko lagunek. Orain dela lau urte inguru elkartu ziren euren ametsei bidea egiteko. Bestelako gunea eraiki nahi zuten hirian, arteari eta sormenari ateak zabalduko zizkien laborategia.
Halaxe, pausoz pauso, euren ametsa eraikitzen hasi ziren. Horretarako, Jaso ikastolaren eraikin zaharra aukeratu zuten, izan ere, 1999tik ikastolak eraikin berria duenez Mendebaldea auzoan (Iruñea), zaharrari ez zioten erabilpenik ematen. Antza, Iruñeko Udalak bere garaian egindako auzoko plangintzaren arabera, eraikina bota egingo dute, Abiadura Handiko Trenari (AHT) eta inguruan eraiki behar dituzten etxebizitzei argi berdea eman baitzieten.
Bien bitartean, sormen lantegiak jantzi du kolorez Jaso ikastola zaharra -hortik datorkio izena, hain zuzen ere, egitasmoari (Jazar)-. Hortaz, eraikina ikastolako guraso kooperatibari alokatuta, martxan jarri dute euren proiektua. Aurretik, baina, animaleko lana egin behar izan dute, hiri-ohianeko sastrakek irentsi baitzuten ikastola zaharra: leihoak apurturik zeuden, pintadak zeuden nonahi, suhiltzaileek ere beren entseguak egiteko erabili zuten... Hala, hiruzpalau hilabetez egon ziren eraikina zaharberritzen. 
Auzolana izan dute iparrorratz. Ilusioz beteriko eskuek eraiki dute proiektua. Askotariko lagunek osatzen dute Jazar. Beharbada, hori izan daiteke ekimenari indarra ematen dion haize ufadarik indartsuena; finean, aniztasunean dago benetako aberastasuna. Egun, 100 bazkide inguru ditu ekimenak, guztiak ere kulturaren seme-alabak. 25 € ordaintzen dute hilean eraikineko areto eta gune irekietan euren proiektuak gauzatzeko. Elkartearen nondik norakoak, berriz, ostegunetako batzarretan lantzen dituzte. Lantaldeak ere osatu dituzte, funtzionamendu egokiaren bidetik joateko, hala nola hainbat alor: Administrazioa eta Ekonomia, Proiektuaren Garapena, Gimnasioa, Garbiketa, Mantentzea, Komunikazioa, Programazioa edota Sukaldea eta Barra.
Bazkide horietako bat da Aurizberriko (Nafarroako Pirinioak) Uda Irisarri Oses gaztea. Hasieratik egin zuen bat proiektuarekin, eta egun joskintza ikastaroa eskain-tzen du Jazarren. “Aukera interesgarria izan da niretzat, neure proiektuak garatu ahal izateko” azaldu du. Artearen argi-izpien berotasunean hazia da Irisarri, gurasoak artista ditu.
Erlauntzaren zutabeak
Tailerrak dira proiektuaren bihotza. Hainbat arte diziplinak egiten dute bat Jazarren, esaterako, serigrafiak, brikolajeak, musikak, arte eszenikoek, argazkilaritzak edota esku lanek. Horiek guztiek ateak zabalik dituzte, nork bere irudimena lanean jarrita aurreikusten dituen proiektuak martxan jartzeko. “Artea sortzen dugu, baina baita harremanak ere” dio Pirinioetako alabak. “Lagun asko gerturatzen da hiritik hona gure ekimenetan parte hartzeko. Era berean, harreman handia dugu Etxabakoitz auzoko elkarteekin”.
Tailer bakoitzak bere txokoa dauka; hori dela-eta, esan daiteke eraikinak erlauntza itxura daukala, hainbat gelatan banatuta lantzen baitira arte diziplinak. “Gure artean ere oso giro polita dugu eta hori da, nire aburuz, ederrena. Ezagutza partekatzea da gure xedea, eta, proiektu bat garatzeko laguntza eskatzen baduzu, berehala izango duzu kideren bat eskua botatzeko prest”.  
Ateak zabalik daude eraikinaren hiru solairuetan. Besteetan, berriz, gune autonomoak edo pribatuak daude. Horietan, norbanakoek zein kolektiboek lantzen dituzte euren ekimenak, esaterako, serigrafia taldea dago, garagardoak ekoizten dituen lagun baten laborategia, arkitekto talde baten bulegoa edota Hutsun txalaparta taldearen estudioa. Mundu Mailako Lehenengo Txalaparta Kongresua antolatu zuten 2015eko martxoan, Jazarren egoitzan. Gune pribatua erabiltzen duten taldeek 50 € ordaintzen dituzte hilean.
Sormenak ez du areto edo gela itxiez ulertzen. Gunean zehar, hamaika detaile txiki bezain originalek adierazten dute izaera berezia dela Jaso ikastola zaharrarena: apurturiko loreontziekin egindako artelana, komun zahar bat loreontzi moduan, ateak bakarrik ixteko martxan duten tresna berezia... Irudimenak ez du mugarik sormenaren kofoinean.
Ametsak zein ideiak partekatzeko egongela aproposa dute egoitzan. Bazkideak suaren ondoan eser daitezke, sukaldean prestaturiko kafea hartzen edota liburutegiko liburu bat irakurtzen. Gune berean, doako denda dute: nahi duen orok erabiltzen ez duen arropa eraman dezake bertara eta gustukoa duena hartu bertatik. Ekologiaren ardatza den gutxitu-erabili-berrerabili filosofiak garrantzi handia du proiektuan. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da antolatu zuten bigarren eskuko materialen azoka. Ildo beretik, autokontsumo taldea jarri dute martxan elkartean: baratze txiki bat dute, labea egin dute ogia egiteko, xaboia ekoizten dute eta udaberrian gasna eginen dute, besteak beste.
Arteaz eta kulturaz harago, sormenak eta irudimenak kirolarekin bat egiten dute Jazarren. Alde batetik, eraikinaren gibelean, skate eta bike park handia eraiki dute. Uda Irisarrik azaldu legez, bi urtez ibili dira oholez ohol gune osoa eraikitzen horren ardura hartu duten lagunak. Bestalde, soinketa aretoa eta rokodromo txiki bat dituzte eraikinean.
Kofoinaren geroa
Hainbat erronka dituzte 2016an. Hiru urte hauetan ekimenak aurrera egin du, eta dagoeneko oinarri sendoak ditu. “Helburu nagusietako bat da proiektua hirira zabaltzea” azaldu du Aurizberriko gazteak. Alabaina, alokairua aurten amaituko zaie, eta oraindik ezjakintasuna da nagusi; hots, ez dakite zer gertatuko den eraikinarekin. Ateak zabaldu zituztenean, Jazarren bulegoa duen arkitekto taldeak txosten bat aurkeztu zuen Iruñeko Udaletxean lizentzia eskuratzeko, baina oraindik izapidetze-prozesuan dago. Oztopoak oztopo egin dute aurrera.
Azken urtean, gobernu aldaketa egon da Nafarroan eta Iruñeko Udalean. Horrenbestez, Abiadura Handiko Trenak albiste ezberdinak garraiatu ditu bagoietan. Berez, AHT eraikinetik gertu pasatuko dela diote, eta, teorian, Jazar ez litzateke inolako eragozpenik izango. Alabaina, aurreko Udalek auzo osoa zaharberritzeko proiektua jarri zuten martxan; tartean, Jaso ikastola zaharra botatzea aurreikusten zuten.
Orain, ordea, ikusteko daude zein diren Iruñeko Udal eta Nafarroako Gobernu berrien asmoak. “Espero dut gure proiektua aintzat hartzea” nabarmendu du Uda Irisarri Osesek. Bien bitartean, Jazar ekimenean diharduten lagunek, erleen antzera, gogo-tsu eta ilusioz beterik jarraituko dute aurrera euren ametsa gauzatzen. Proiektuak sortzen. Tailerren eta ikastaroen bidez ezagutza partekatzen. Harremanak sortzen. Artearen bidez, bestelako mundua eraikitzen.