“Bertsolaritzak askatzeko modu bat eskaini dit”

alaia

Pasa den abenduan, Alaia Martin (Oiartzun, 1987) bigarren geratu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, txapela janztetik hemeretzi puntura baino ez. Aurrekoan, 2011koan, hirugarren sailkatu zen. Txapelketa Nagusian, berriz, 2013an hartu zuen parte lehendabizikoz eta finalaurrekoetara iritsi zen. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Progresioa nabaria da, 2019an Gipuzkoako txapela irabaztea tokatzen zaizu...
Emaitzetan izandako progresio hori erreala dela uste dut. Duela lau urte baino hobeto egiten dut bertsotan, edo argiago daukat, behintzat, zer egin nahi dudan eta nola. Horretan igartzen dut hobekuntza, beraz, postuetan islatzea naturaltzat har daiteke. Izan zitekeen bestela ere, baina, neure buruarekin pozik egonez gero, ez nukeen atzerapauso moduan hartuko. Lau urte barruko txapelketa oso urruti ikusten dut oraintxe bertan, auskalo! Halere, espero dut edukitzea orduan ere jakin-min eta zer hobetu anitzagoa txapela bera eskuratzeko grina hutsa baino.
Lortu berri duzun bigarren postu horrek plaza gehiagotako ateak ireki dizkizu?
Ez dakit ate gehiago ireki dizkidan, baina ate mentalen bat ireki dit, bai. Orain dela lau urte finalera iritsi nintzen hasiera-hasieratik abiatuta; beraz, finala bera saria izan zen, eta ez nuen buruan eduki segundo bakar batean ere buruz burukora iristeko aukera. Aurten, berriz, bai. Finalera iristea zen helburua, eta buruz burukora heltzea ametsa, ez nuelako sekula holakorik jokatu plaza handi batean. Iruditzen zitzaidan bizi beharreko zerbait zela txapeletik hain gertu egotearen sentsazioa, saioaz bukaerara arte gozatzeko aukera, eta zori hori eduki nuen. Saio mordoxka egin dut azkenaldian, baina ez dakit askoz gehiago emango dizkidan bigarren postuak, akaso baten batzuk bai. Halere, nahiko konforme egongo naiz zabalik dauden ateei halaxe eusten asmatzen baldin badut.
Datorren urtean, Txapelketa Nagusia. Aurrekoan finalaurrekoetara iritsita, hurrengoan finalean izatea helburu?
Nahiko nuke, noski! Umetan ikusi nuen lehenengo finala Euskal Herrikoa izan zen. Egon daitekeen plazarik handienetakoa da bertsogintzari dagokionez, eta gogoa daukat magia puntu hori probatzeko. Oraindik ez naiz hasi helburuak aukeratzen eta ez dakit xede hori jarriko dudan, baina dudarik ez daukat: oso gustura kantatuko nuke final horretan. Halere, orain dagokit egindako txapelketari arreta jartzea, ikustea non eman diezaiokedan gehiago neure buruari gehiago askatzeko, eta non lotu gehiago  hanka ez sartzeko. Orain, barrura begiratu eta zer atera nahi dudan jakiteko garaia da, xedeak horren arabera jartzeko eta gogo handiz prestatzeko.
Pentsatu duzu inoiz Euskal Herriko bigarren emakume bertsolari txapelduna izan zintezkeela?
Maialen Lujanbiok txapela jantzi zuenean, hantxe geunden; emozio handiko momentua izan zen. Egun hartan pentsatu nuen 'auskalo zein izango den txapel hori lortuko duen hurrengo emakumea!', baina nire izena hor kokatu gabe. Ona bada, ez naiz ezeri uko egitekoa, eta txapel bat beti izaten da ederra, baina sekula ez dut amestu txapel batekin bere horretan. Irabaztea denoi gustatzen zaigu, lortuko banu zoragarria litzateke, marka izugarria, baina ez nago horrekin itsututa. Batek daki nor izango den hurrengoa.
Beti esaten da “aurten hainbeste emakume iritsi dira finalera”. Emakumea izateak oraindik ere markatu egiten du bertsolaria?
Bai, arreta normalean salbuespenari jartzen zaio. Bertsogintzaren kasuan, horri begiratzen zaionean, kezka positiboarekin egiten da, batzuetan pozez eta beste ba-tzuetan penaz. Azken batean, parekidetasuna, finalean lau emakume eta lau gizon egoteari esaten bazaio parekidetasuna, Bizkaiko Txapelketan bakarrik gertatu da, eta aipamen bereziak eduki zituen. Gipuzkoan orain arte, gehienez ere, zortzitik bi izan dira emakumezko finalistak. Bertsolari on asko datoz, baita nesken artean ere. Belaunaldi berrietan gazte-gaztetatik nabarmendu direnak, edo niri, behinik behin, buruan geratu zaizkidanak, bi neska izan dira: Maider Arregi eta Eli Pagola. Izan daiteke konplizitatea, antzeko sentiberatasuna dugulako, edo benetan ikusten dugulako indar horrekin datozela. Egoera aldatzeko bidean goaz, baina betiere zaintzeko edo aztertzeko gaia iruditzen zait.
Ume piloa dabil bertso eskoletan... Zertan laguntzen die bertsolaritzak?
Zenbakiei begiratuta, herri batzuetan bi bertso eskola baino gehiago daude, amua jartzen duen ekin-tza da nolabait. Garrantzitsua da, adierazpen gaitasuna lantzeko oso baliagarria delako eta komunikatzeko erremintak ematen dizkielako. Askotan ez zara azaltzen hasten inori zer gertatzen zaizun, eta zenbait adinetan gutxiago. Batzuetan, ez duzu izaten hori kontatzeko erremintarik, ezta gogorik eta konfiantzarik ere, eta bertsoak ematen dizu modua diskurtso hori ordenatzeko eta amaitzeko. Sentimenduak ordenatzeko aukera ematen du, eta hori oso lagungarria da umeentzat eta gaztetxoentzat. Lagunartea ere eskaintzen du, askotariko inguruneak Euskal Herri osoan. Gainera, oso gauza libre eta merkea da, edozein momentutan egin daiteke. Gogoa besterik ez du eskatzen, eta hitz jolasekin egiten da. Behin pausoa emanez gero, erraza da magia sentitzea eta harrapatuta geratzea. Hitzekin, denok daukagun ondasun horrekin, jolasteko aukera ikusteak eta eurak sortzeko gai direla sentitzeak plazera ematen die.
Hori jakinda, gurasoek bidaltzen dituzte umeak ala beraiek dute joateko gogoa?
Gu ere bertsotan egitasmoaren barruan, bertsolaritza ematen dut hainbat ikastetxetan, euskara ikasgaiaren barruan. Hor ezagutzen ditudan batzuei esaten diet ikaste-txekoa gustuko badute bertso eskolara joateko, eta eskolako irakasle batzuek ere bultzatzen dituzte. Guraso oso bertsozaleak ere badaude, eta horiek bidali egiten dituzte seme-alabak, bertsoarekiko lilura senti dezaten. Dena den, badago beste profil bat ere, nolabait karanbolaz iristen dena, intuizioz-edo. Adibidez, ni hasi nintzenean, ez nintzen bertsozalea eta etxean ere ez zen bertso saioetara joateko inongo ohiturarik. Nondik iritsi ginen, orduan, neba (Jon Martin) eta biok bertsotara? Bada, ni parean tokatu zitzaidalako eta lagunek bultzatu nindutelako. Bertsoak batzeko gaitasuna du: jende eta haur oso euskaltzaleak, hitzekin eta hizkuntzekin erraztasuna dutenak, beste leku batzuetan eroso ez dauden umeak, kantariak direnak edo oso txantxazaleak... Eskolan ezaugarri horiek txartzat hartzen badira ere, bertsotan funtzionatu egiten dute. Oso collage interesgarria sortzen da, oso motibo ezberdinengatik erakartzen du bertsoak.
Nola atera zarete neba-arrebak bertsolariak bertsozalea ez den familia batean?
Aitak ulertzen du euskara, baina erdalduna da. Ama, berriz, oiartzuarra da, euskalduna, baina ez da sekula bertsozalea izan. Saioren batera joan denean, gugatik izan da, eta askotan ez diot uzten joaten. Neba bere kabuz hasi zen, bertso eskolan izena ematera animatu zen, berari agian pixka bat gehiago gustatzen zitzaiolako; nik, aldiz, beti egiten nion uko aukera horri, harik eta lagun batzuek izena eman zuten arte, eta nik haiekin batera. Denborarekin, lagun askok utzi egin zuten eta nik jarraitu egin nuen, magia hori sentitu nuelako. Oso garbi daukat nire lotura 2001eko Euskal Herriko finalean sortu zela, hantxe deskubritu nuen ezagutzen ez nuen belaunaldi bat: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga... Andoni Egaña zuzenean ikusteak ere eragin handia izan zuen nigan.
Zergatik ez diozu nahi utzi amari zure bertso saioetara joaten?
Gipuzkoako finalean egon zen, baina nahiago dut ez joatea. Gurasoak ez dira bertsozaleak, beraz, ez dauka zentzu handiegirik bertso saio arruntetara joateak. Ez dira lokartzen eta ez dira kexatzen joaten direnetan, baina ez da beraien zaletasuna, ez ditu bereziki hunkitzen. Hala eta guztiz ere, oso pozik daude Jon eta biok bertsotan ari garelako. Koadrilakoak ere txapelketa guztietara etortzen dira eta animatzen naute, baina ez dira bereziki bertsozaleak. Bertsoa nire pasioa da, nire askabidea, izateko modu bat, nire bizimoduaren zati bat. Nahiago dut inguru puru bat eduki, bertsorik gabe ezagutzen nauena, saio baten ondoren nire lana epaituko ez duena. Nahiago dut jarraitu bi mundu ezberdin balira bezala.
Nebarekin lehian jardutean, hura ondo ezagutzeak abantailaren bat ematen dizu bertsotan?
Eman lezake, baina orain arte ez dugu sumatu. Lehenengo aldiz tokatu zitzaigunean lehiatzea, kezkaz bizi izan genuen, niri inporta zaidalako saioan berak ondo edo gaizki kanta-tzen duen, eta alderan-tziz. Gainera, kantatzean elkarrizketa bat sortu behar duzu. Elkarri kolpeka aritu gaitezke, baina zenbat eta orekatuagoak izan kolpe horiek, borroka dialektikoak aukera gehiago izaten du aurrera egiteko. Hortaz, kezka horrekin jarduteak ez dut uste abantaila asko duenik. Nik oso gustura hartzen dut saio bat nebarekin, baina txapelketan askotan tentsioak ez du laguntzen, urduritasun handiagoa eragin dezake konplizitatea baino. Halere, gustura har-tzen dut, badakidalako elkarrekin momentu polit a biziko dugula eta elkarri onena desio diogula momentu horretan.
Zer bilatzen duzu bertsoa sortzean? Jarritako gaiari ondo erantzutea, entzulearen bihotzera heltzea, ondo pasatzea?
Ez dut gauza bera bilatzen egun bakoitzean. Batzuetan, estuago joaten zara gaiari erantzutera, horren barruan dagoen gai potoloaren bila, entzuten ari direnen artean konpartituena, espero duten horretara. Beste egun batzuetan, berriz, askotan alferkeriaz, espero dutena interpretatuta aukeratzen duzu nola kantatu. Nik, normalean, nahiago izaten dut ondo pasatzeko era bilatu; grazia egiten didan ertz bat bururatzen bazait, dudazkoa izan arren, nahiago dut hortik jo. Uste dut bilatutako bide horrek emango duena asegarriagoa izango dela parez pare jarri zaidan autobidea baino. Normalean, ukitzen nauen gai bat tokatzen bazait, eta benetan badaukat zerbait esateko horri buruz, hortik joaten saiatzen naiz; bestela, ahalegina egiten dut gozatzeko bidea aukeratzeko, norberak gozatzea oso lotuta egon ohi delako gozarazteko balio duenarekin.

KOLKOTIK

Errima zaileko hitz bat? Everest.
Eta errima erraz edo erabiliena duena? Begirada.
Kantatzeko herririk abegikorrena? Bilbo.
Eta zailena? Norberaren herria.
Oholtza gainera igo aurreko maniaren bat? Neure buruari masaileko batzuk ematea, erne egoteko.
Behin igota, kantuan, eskuak non erosoago? Atzean.
Zerk ematen du beldur handiagoa, potoak ala zer esan ez dakizula geratzeak? Zer esan ez dakidala geratzeak.
Bertsolari bat? Andoni Egaña.
Biharko egunkarian irakurri nahi duzun albistearen titularra? Bukatu dira botere harremanak.
Zenbat parranda egin duzu bertso saioen aitzakian? Ez dut aitzakiarik behar parrandarako.
Bi hitzetan, nolakoa da Alaia Martin? Kartsua eta optimista.
Euskara ikasteko bi arrazoi? Bertsolaritza eta euskal munduan integratzeko aukera.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Abeslaria, aktorea...
Eta orain zer ez duzu izan nahi? Konformista.
Oporretarako leku bat? Argentina.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Zigarro bat erre.
Zer eskaini dizu bertsolaritzak? Askatzeko modu bat.
Eta zeuk zer eman diozu bertsoari? Neure askatasuna, denbora asko.
Igande goizerako planik onena? Poteoa.
Nola ikusten duzu zeure burua 30 urte barru? Gazte-gazte!
Zer edaten duzu bertso afarietan? Ura eta patxarana.