Euskal zinemaren azken uzta Bartzelonan ikusgai

AMAMA

Bartzelonako Girona zinema aretoa euskal zinemaren plaza izango da otsailaren 5etik 26ra, Zinemaldia.cat jaialdiari esker. Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen jaialdiak hamaikagarren urtea beteko du aurten eta, ohi bezala, euskal egileek azken urtean sorturiko lanei egingo die leku. Fikziozko sail ofizialean Amama, Txarriboda, Pikadero, Un otoño sin Berlin eta La noche del ratón izango dira lehian. Dokumentalen sail ofizialean, ostera, Nola? Irun meets New Orleans, Jambo Amani, Jai-Alai Blues, Walls, Pelota II, Génération Iparretarrak eta Gure Sor Lekuaren bila. Lanen emanaldiekin batera, gonbidatuekin solasaldiak ere egingo dituzte. Lehiaketatik at ere izango da zer ikusi. Otsailaren 5ean, esaterako, 2015eko Kimuak film laburren katalogoa eskainiko dute. Alterzinemaldia izeneko sailean, aldiz, Txo! eta Euskal Harriaren ABDak ikusi ahal izango dira. Beste lehiaketa bat ere izango du jaialdiak, Bartzelonako euskara ikasleek egindako bideoena, hain zuzen. Azkenik, otsailaren 26an, zinema ibilbidea eginen dute hirian zehar Fotogramas aldizkariko erredakzioburu Pere Vallsen eskutik, “Bartzelonaren aurpegi zinematografikoa” ezagutzeko. Egitarau zehatza www.zinemaldia.cat gunean ikusi ahal da.


ladydiMEXIKON bahitzen dituzten neskatoen errealitatea jaso eta erakutsiko du Ados Teatroaren Ladydi lan berriak. Jennifer Clement idazle eta olerkariaren Prayers for the Stolen eleberrian oinarrituta dago lana, eta Ladydi Garcia Martinez neskatoa du protagonista. Amarekin bizi da herrixka batean, droga trafikoa eta haren ondorioak, neskatoen bahiketak, kasu, egunerokoak diren lurraldean. Egunerokotasun bortitz hori erakusten du lanak, bahi ez dezaten mutil planta hartuko duen Ladydiren bizipenen bitartez. Garbi Losadak zuzendu eta egokitu du, eta aktore lanetan ariko dira Dorleta Urretabizkaia, Aitziber Garmendia, Klara Badiola, Amaia Irazabal eta Iñake Irastorza. Atarrabian izango da estreinaldia, otsailaren 19an. Hilaren 20an eta 21ean, Donostian eskainiko dute, eta Iruñean 26an.

LABURREAN

GIZARTE ZINEMA ZIKLOA antolatu dute estreinakoz Sopelan, eta maiatzera bitartean bost film emango dituzte Kurtzio kultur etxean, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin. Joel Joan eta Sergi Lararen Fenix 11.23 lanak eman zion hasiera zikloari, urtarrilaren 23an, eta hurrengo emanaldiak honakoak izango dira: Sylvain Estibalen Le cochon de Gaza otsailaren 20an; Zeresenay Berhaneren Difret martxoaren 12an; Valeria Golinoren Miele apirilaren 16an; eta Constantin Costa-Gavrasen Le capital maiatzaren 14an.

STEPHEN DUNN kanadarraren Closer Monster filmak emango dio hasiera, otsailaren 22an, Bilboko Zinegoak Gaylesbotrans 13. Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiari. Hegoak elkarteak antolatutako jaialdiak sail ofizialarekin batera beste hainbat atal izanen ditu lehiaketatik kanpo, baita aldibereko ekitaldi gehiago ere. Aurten, besteak beste, Mexikoko transexualitateari sail propioa eskainiko zaio, Trans Mex, fikziozko hamabi film luze eta zazpi lan dokumentalekin. Egitarau osoa http://zinegoak. com/ gunean dago ikusgai.

EUSKAL SORKUNTZAZ gozatzeko parada izango da Leioako Kultur Maratila zikloaren bosgarren ekitaldian. Otsailaren 25etik 28ra bitartean, Anodino Teatroa taldearen Zerura eroria estreinako lana, Khea Ziaterren Malmö eta Txalo Produkzioak-en Heroiak lanak izango dira ikusgai. Horiez gain, Harkaitz Cano, Petti eta Joxan Goikoetxeak Gau beranduan eskainiko dute, poesia eta musika uztartzen dituen emanaldia. Idurre Azkue dantzariak eta Joseba Irazoki musikariak, aldiz, dantza eta musika batzen dituen Dantza gurea aurkeztuko dute, eta Joseba B. Lenoir Gang taldeak kontzertua emango du.