Jamaika berton da

BILBOMATIKsBILBOMATIKS
Bilbomatiks
Karola Records, 2015

Jende askok uste du gitarrarekin erritmoa markatzea nahikoa dela abesti bat ska bezala definitzeko. Izan ere, eta zoritxarrez, ska eszena errazkeriarekin, parranda hutsarekin eta merkekeriarekin lotzen da askotan. Baina horrelakorik ez duzu topatuko Bilbomatiks taldearen disko honetan. Nabaritzen da taldeko kideek orduak eta orduak eman dituztela ska, rocksteady eta Jamaikako doinu zahar klasikoak entzuten. Hamaika detailetan igartzen da hori: erritmoetan, haize-instrumentuen sailean, koruetan... Bertsioak egiten dituztenean ere (Etxean lez Fats Dominoren kantu baten moldaketa da, eta Karola Pretenders taldearen Back on the chain gang ezagunaren bertsioa) badakite kantu horiek euren esparrura eramaten. Hi bai hi abestiaren dub bertsio bat ere sartu dute. Maitasunez eta gustu handiz egindako diskoa, benetako skaren zaleek atseginez entzungo dutena; halere, oso gomendagarria da, era berean, estiloen gainetik kalitatezko musika gogoko duten guztientzat.

Gotzon Hermosilla