Garikoitz Mendizabal

garikoitz

Xaximiku, Saldaberri
Txistu ikasketak amaitu eta txistutik bizimodua ateratzeko ilusioz gainezka nengoelarik izan nuen Xaximikuren berri. Saldaberri diskoan, txistua folk taldean uztartzen zen, eta asko gustatu zitzaidan. Bestalde, disko horretako hainbat hitz ere gustatu zitzaizkidan. Amodiozkoak gehienbat; izan ere, orduan 20 urte inguru nituen, eta bikotekidea izateko nahia pil-pilean. Maiteari esateko mezu ezin hobeak.
Mikel Markez, Indar bat dabil hor
Mikel Markezen sentiberatasuna, melodiak eta naturaltasuna oso gustuko ditut. Azken bi lanak izugarri politak iruditzen zaizkit: Indar bat dabil hor eta Noka taldearekin osatutako Bi ahizpak.
Garikoitz Mendizabal & Aitor Furundarena, 2 Poliedro
Aitor Furundarenakin oso harreman estua eta berezia dut. Bigarren diskoa kaleratu berritan, oso harro gaude egindakoaz. 2 Poliedro, bi disko, baina batez ere bi lagun ondo pasatzen, txistuak eta akordeoiak elkarrekin eman dezaketen guztia eskaintzen. Urre koloreko diskoak musika klasikoaren kontzeptua lantzen du; zilar kolorekoak, berriz, folklorea, musika tradizionala eta antzinako musika.