Voltaiaren ‘Medusa’ bira martxan

voltaia

Zumaiako taldea disko berriaren aurkezpen biran murgilduta dabil. Medusa izenekoa da taldearen bigarren lana (2014an atera zuten taldearen izen bereko CDa) eta hamaika abestiz osatuta dago. Eguneroko bizimoduko ohiko gaiak lantzen dituzte abestien hitzetan: faltsukeria, gezurra, amodioa eta desamodioa, politikaren showa, genero indarkeria... Guztiak ere aurreko lanean erakutsi zuten rock, punk eta stoner estiloari eutsita. Zestoako Gaztain Estudioetan grabatu dute Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, eta Mauka Musikagintza zigiluaren bitartez kaleratu dute. Voltaia taldea Unai Eizagirrek (baxua eta ahotsak), Ion Brakamontek (gitarra) eta Jon Duranek (bateria) osatzen dute. Bira hasita dagoen arren, aurrerantzean ere izango dira taldea zuzenean ikusteko aukerak: hil honen 13an Getariako gaztetxean joko dute, eta 20an Trintxerpeko Mogambo rock aretoan. Martxoaren 25ean, berriz, Donostiako Stop War jaialdian izango dira.


hanHAN talde bizkaitarrak bederatzi kantaz osatutako diskoarekin eman dio hasiera bere musika ibilbideari. Taldeak kaleratu duen aurreneko lana izan arren, kideetako batzuek badute aurretik eskarmentua, hala nola, Gorkak (Ama Say, Non demontre, Yakuzi...) eta Karlosek (Lisabö taldearen teknikaria). Ez da Nerea abeslariaren kasua, berarentzat lehenengo proiektu musikala baita. Miguelek osatzen du taldea, baterian. HAN taldeak indie rock doinuak aukeratu ditu Bonberenea gaztetxeko estudioan grabatutako kantak ontzeko, eta Karlos Osinagak egin ditu nahasketa eta masterizazio lanak. Elorriarrek Bermeon joko dute hil honen 12an, eta euren herrian izango dira 20an. Aurrerago, Gernikan eta Bilbon ikusteko aukera izango da.

makonakGALARRENA
McOnak
Mauka musikagintza, 2015

Urtebeteko atsedenaldiaren ondoren, euren bigarren lana kaleratu dute lekeitiarrek. Mungiako Muxikon eta Aulestiko Altxune estudioetan grabatua, Jorge Etxebarrieta Txortx izan dute gidari. Folkak elikatzen ditu taldekideak, horixe da euren esentzia. Halaber, oso hurbil dituzte Irlandako malenkonia, The Pogues taldearen lotsagabekeria, banjoaren laguntzaz geureganatutako country arrastoa, edozein pena azaleratzeko instrumentu aproposa den akordeoia, gaztaroko lehen mozkorraldietatik gurekin dugun euskal rock amorratua eta, estiloaz harago, edonor blaitzen duen The Clash taldea.

zesatekINOIZ EGIN DUGUN DISKORIK ONENA
Ze Esatek!
Bonberenea Ekintzak, 2015

Ze Esatek! taldea inoiz egin duen diskorik onenarekin itzuli da. Halaxe dio, behintzat, lan berriaren izenburuak. Urteen poderioz irabazitako eskarmentuak ematen dien jakinduria islatzen da grabatutako abestietan. Horrela, gai izan dira beste behin egunerokotasuneko egoera edo albisteak euren begirada kritiko eta sarkastikotik abiatuta margotzeko. Hamar kantuotan, gai anitzi heldu diote, eta ez da ia inor salbatzen taldearen ikuspegi kritikotik. Diskoaren grabazioaz eta nahasketaz Karlos Osinaga arduratu da, eta masterizazioaz Jonan Ordorika.