Ezpainak arrainak bezala

kritikaKarlos Gorrindo
Erein, 2015
Zer gura duzue esatea, beharrezkoak ditu euskal literaturak Karlos Gorrindoren eleberri honen modukoak. Arrandia barik idatzita gure egunerokoari buruz, hots, ezagunak egiten zaizkigun gauzen gainean: bikote harremana, familia, gaixotasuna, lana, orain-tsura arteko egoera politikoa... Arteza. Ulergarria. Arina. Zentzurik zabalenean arina. Aldekoenean.
Eleberriko protagonista Gorka da. Martarekin ezkonduta dago. Maite du, baina jada ez daki Martak beragatik gauza bera sentitzen ote duen. Denbora guztian dauka Gorkak buruan emaztea, baina hark, berarekin baino, Idoia lagun minarekin pasatzen du denbora gehiago.
Gorka seme bakarra da. Gurasoak, aita jubilatu zenetik, baserrian bizi dira eta, aspaldian, apenas egiten die bisitarik. Ama kezkatuta dago, senarra ez baitabil lar ondo azken boladan.
Kazetaria da Gorka. Roberto Gorosabel eskultoreari elkarrizketa egin behar dio. Hasieran lanari gogo barik helduko badio ere, apurka-apurka, Gorosabelen lanak, haren hitzak eta haren bizi-tzak harrapatu egingo dute. Ederki harrapatu ere, izan ere, elkarrizketa erreportaje bihurtu eta eskultoreari Madrilera erakusketa batera lagunduko dio. Madrilerako bidaian, baina, ustekabeko galanta hartuko du. Irakurleak ez du txikiagoa hartuko. Puntu horretatik aurrera, abiadura hartuko du kontakizunak, eta esaldi laburrak eta ezustekoak (agian ez hain ezustekoak) baliatuz joango da idazlea korapiloak askatzen.
Igor Elordui