Euskalkiak.eus, euskararen aniztasuna gune bakarrean

euskalkiak

Euskalkien egungo egoerak sorturiko kezkatik abiatuta, euskalkiak.eus webgunea sortu du Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikerlariak. Egun Euskal Herrian min-tzatzen den euskararen berri jasotzen du guneak, edukiz oparo hornituta: gaur egungo euskalkien sailkapena eta bakoitzaren ezaugarriak; historian egin diren sailkapenak; euskalkien jatorriari buruzko jakingarriak; literatur euskalkiak; euskara bateratzeko ahaleginak... Gainera, XXI. mendeko tokian tokiko hizkera ezagutzeko bideoak ere jaso dituzte. Zuazorekin batera, Oneka Alvarez, Xabier Eizagirre, Iñaki Iñarra, June Lauzirika eta Teresa Portugalek osatu dute webgunea, Euskal Herriko Unibertsitatearen babesarekin.


susaSUSA argitaletxeak webgunea berritu du, eta aurrerantzean literaturzaleei “liburutegi irekia” eskainiko die. Hala, http://susa-literatuta.eus gunean 156 idazleren lanak eskura daitezke. Orotara, 1983tik gaurdaino3 plazaraturiko 325 liburu, gehienak doan irakur daitezkeenak on-line. Guztira, hainbat literatur generotako 10.937 testu-orrialde batzen ditu, oraingoz, webguneak. Amaraunean leitzeko ez ezik, paperean zein euskarri digitalean erosteko aukera ere eskaintzen du guneak. Era berean, idazleen ahotsez grabaturiko 267 audio fitxategi ere aurki daitezke, baita erdaretara itzulitako testuekin osaturiko 92 sarrera ere.

LABURREAN

IPUINLARI izeneko aplikazioa sortu du Ekintech Smart Solutions enpresak, haurrek ipuinak sortzeko tresna. Umeek eurek sor ditzakete ipuinak, euren ahotsak, irudiak edota beraiek aukeratutako kontaerak baliatuta. Behin ipuinak sortuta, elkarbanatzeko aukera ematen du aplikazioak. Ordenagailuetan nahiz Android eta iPhone sakelakoetan erabil daiteke, eta doakoa da. App Storen eta Google Play Storen dago eskuragai.

aleaLEHEN URTEURRENA betetzearekin batera, paperetik sarera egin du jauzi Arabako Alea euskarazko astekariak, Alea.eus gunea sortuta. 2012tik martxan den Hirinet webgunearen eta Alearen baturatik sortu da, eta, ondorioz, Hirinet.net atariaren lekua beteko du. Araba osoko informazioa lantzen du, gaurkotasunez. Lurraldeko kuadrilla guztietako informazioa jasotzeaz gain, bestelako zerbitzuak biltzen ditu, hala nola, agenda eta gida komertziala. Erabiltzaileei ere parte hartzeko aukera eskaintzen die, Komunitatea atalaren bitartez.

HIZTEGI BATU berritua sarean jarri du Euskaltzaindiak. 2014an berritu zuen azkenekoz, eta orduko lana “biribiltzen” du orain amaraunean paraturiko bertsioak. 1.353 forma berri biltzen ditu: 1.058 sarrera eta 295 azpisarrera, orotara 44.325 forma arautu. Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus) kontsulta daiteke bertsio berritua.