Gauzen Internet

Goizeko zazpiak dira, eta zure eskumuturreko erlojua dardarka hasi zaizu, jaikitzeko ordua dela argi utzita. Tartetxo bat daramazu esna, dena den, logelako pertsiana duela hiru ordu laurdenetik ari baita pixkanaka-pixkanaka igotzen, kaleko argiari gelan sartzen uzteko.
Nagiak atera eta zutik geratu zara ohe ondoko alfonbran. Emakumezko ahots goxo batek agurtu zaitu sakelakotik: “Egun on eta zorionak! Kilo erdi galdu duzu urte hasieratik! Jarraitu horrela!”. Irribarretxoa eta hasperen ere egin duzu komunerako bidean, sukaldetik datorren kafe egin berriaren usaina sumatuaz bat. Zuk ezer egin gabe, sakelakoak zure gogoko irrati estazioa sintonizatu du. Beste behin ere, Edurne Zuriren amaordea etorri zaizu gogora, ispilua berbetan hasi zaizunean: “Esne gutxi geratzen da”. Zuk erantzun egin diozu: “Erosi!”. Asteko erosketa zerrenda ikusi duzu ispilua behetik gora zeharkatzen. Esnea gehitu da zerrendan, eta marra gorriaz zirriborratuta zeuden gaileta goxo haiek berde jarri dira orain: pisua galdu izanak badu saria!
“Gogoratu gaur bilera daukazula bulegotik kanpo” -ispiluak berriz-, “Autobidean trafiko astuna dago, beraz, komeni da denboraz irtetea. Hamar minutu dauzkazu gosaltzeko”. Orduantxe gogoratu duzu garajeko ateak olioa behar duela. Komunetik entzun duzu kirrinka, irekitzen hasi denean.
Arineketan gosalduta, kotxean sartu zara. GPSak mapa erakutsi dizu, eta lau ibilbide eguneko lehen bilera duzun lekuraino. “Hartu biderik azkarrena” esan diozu autoari. 'AUTO' seinale gorri handia piztu da bolantearen erdian, eta bilerarako dokumentazioa irakurtzen hasi zara hara iritsi bitartean. Aparkaleku ondoan, supermerkatu handi bat dago. “Eskatuko dut hemen erosketa, bileran zauden bitartean?”. Baietz esan duzu, eta dardara igarri duzu poltsikoan, berrespena da...
Honezkero, oso gutxi du horrek guztiak fikziotik. Internet of Things deitzen diote, Gauzen Internet, alegia, eta kontsumoko teknologiaren hurrengo jauzia omen da. Inguruan ditugun objektuak Internetera eta haien artean ere konektatuta, informazioa elkarbanatzen eta era autonomoan jarduten. Hala ere, teknologikoki liluragarria den arren, hozkirria ere ematen du, ezta?

Loturak, estekak, linkak...

http://www.withings.com/
Internetera (eta haien artean) konekta-tzen diren baskulak, erlojuak, iratzargailuak, argiak... Denak ere sakelakotik kontrolatzeko moduan.

http://bit.ly/gorkajulio
Gorka Julioren gogoeta interesgarria Gauzen Interneten balizko ondorioen gainean eta harekin izan beharko genukeen harremanaz.

http://bit.ly/ziberetxeak
Etxea automatizatzeko aukerak, gero eta sofistikatuagoak.