Odolkiak ordainetan

etxanizrojoXabier Etxaniz Rojo

Ofizialki “bizikleta-istripua” izan zen. Horixe esan zuten lekukoek, eta horixe esan zien Julen Gabiriak berak anbulantziako medikuei, konortea berreskuratu eta bere onera itzuli zenean.
“Ez dut ulertzen, oso mantso nindoan…”.
Ofizialki istripua izan zen. Ikerketarik ez, beraz. Ez ertzainik, ez udaltzainik, ezta detektibe pribaturik ere. Dabilenari gertatu ohi zaio. Erorketak arruntak dira txirrindularitzan, eta egun hartan “Gabiria Kopa” jokatzen ari ziren.
Istripua, zer bestela? Ofizialki bai…Alabaina, denok dakigu bertsio ofizial orok bere ifrentzua daukala eta benetako istorioek alde ilunak izaten dituztela. Ez, ez naiz xehetasunetan hasiko. Egin nezake, noski. Zehatz-mehatz konta nitzake egun hartan egindako trikimailu eta jukutria guztiak. Lauda nezake neure burua, nire ego hanpatsua haizatu. Baina ez dut egingo. Izan ere, beste batzuk ez bezala, estilo handiko idazlea bainaiz. Soilik esango dizuet ni han nengoela, Gabirian bertan, sasi artean ezkutaturik, eta irribarre egin nuela ikustean dena nik aurreikusi bezala gertatu zela.
Baten batek pentsatuko du Julen Gabiriari diodan ezinikusiak eraman nauela azpijoko hauetara, eta ez da oso oker ibiliko. Izan ere, “Idazle Berrientzako beka” hark niretzat behar zuen izan, baina Julen tartean sartu eta bere irribarre mozoloak epaimahaikideak limurtu zituen, ederki asko limurtu ere. Gerora etorri zena ezaguna da: diruz ondo hornitutako beka hari esker, Julenek Connemara gure bihotzetan idatzi zuen (liburu bikaina, primeran ehundutakoa, egia, baina liburu bat zeina ezin dizuet inolaz ere gomendatu), eta ni bekarik gabe geratu nintzen…
Aitor dut: herratsua naiz.
Mendekua hotz zerbitzatu beharreko platera omen da. Nik 15 urte pasa ditut barruko harra kozinatzen, baina azkenean lortu dut. Orain, beraz, pozarren nago: Julen ospitalean dago eta nik Hiru letratxu hau lapurtu diot.
Odolkiak ordainetan…
Nork esan zuen euskal literatura ez dela inguruko literatura erraldoiekin homologagarria?