Ikerketa

sagardoaSagardoa ona izan daiteke osasunerako

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertalde batek egindako azterketaren arabera, sagardoa onuragarria izan daiteke osasunerako. EHUko Kimika Aplikatua Saileko talde batek egin du ikerketa, eta Journal of the Science of Food and Agriculture zientzia aldizkarian argitaratu dute. Euskal Herriko bost sagar mota baliatu dituzte ikerketan: Goikoetxea, Manttoni, Moko, Patzuloa eta Txalaka. Sagar mota horiekin egindako sagardoaren konposizio polifenolikoa eta gaitasun antioxidatzailea aztertu dituzte. Polifenolak antioxidatzaile naturalak dira, fruta guztiek izaten dituzte eta sagardoa egiteko prozesuan oso garrantzitsuak dira, eragina dutelako sagardoaren zaporean, itxuran eta kontserbazioan. Ikerketak ondorioztatu duenez, sagardoaren gaitasun antioxidatzailea laranja zukuarenaren antzekoa da, eta ardo gorriarena baino zertxobait handiagoa. Horrenbestez, sagardotegi sasoia hastear dela, nork emango dio ezezkoa kupel artean ibiltzeari, ona ez ezik onuragarria ere izan daitekeela jakinik?