Karta-jokoa

musMartxan da Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketa

Herrietako kanporaketak amaitzeko zorian direla, martxoko final handiari so jartzear da Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketa (http://ehmus.eus/). Euskal Herriko zazpi lurraldeak batzen dituen txapelketa azaroan hasi zen, eta urtarrilaren amaierara arte herrietako kanporaketak jokatuko dituzte. Otsailaren 20an zazpi lurraldeetako kanporaketak izango dira, eta final handia, berriz, martxoaren 5ean, Zuberoako Urdiñarbe herrian. Hain zuzen ere, Urdiñarbe izango dute buruan parte hartzaileek dagoeneko, nahiz eta gehienak bidean geratuko diren. Ez dira gutxi izango, gainera: aurreko edizioetan bezala, 2.000 bikote baino gehiago ari dira parte har-tzen. Euskal Herriko Mus Federazioak antolatzen du txapelketa, mus jokoaren bitartez “Euskal Herrian bizi dugun zatiketa gainditu eta bide berriak josteko” xedearekin. Federazioak antolatu aurretik, baina, Iparra Hegoa elkartearen, Orreaga Fundazioaren eta Bai Euskal Herriari ekimenaren ekinez hasi zen ibilian egun mus zaleen ezinbesteko hitzordua dena. Bidearen amaieran, Euskal Herriko txapeldun izateko ohorea ez ezik, sari paregabeak ere izango dituzte lehiakideek. Orotara, 50.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan. Martxoan jakingo da nork beteko duen iaz Joseba Goikoetxea eta Patxi Salaxar legorretarrek hartutako lekua.