Telebista

ranboRambo badator berriro

Bueltan da John Rambo. 80ko hamarkadan zineman arrakasta polita erdietsi zuten filmetako protagonista, Sylvester Stallone aktoreak gorpuzturiko AEBetako soldadu ohi arnegaria, berriz ikusteko aukera izango da aurki. Oraingoan, baina, ez da zineman izango, telebistan baizik. Rambo: New Blood izenburuarekin, telesaila egingo du Fox kateak. Stallonek lekua izango du, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu nolakoa. Berez, ekoizpen exekutiboaren ardura hartuko du Stallonek. Halere, soldaduaren rola betetzeko aukera emango diote, aktoreak hala nahi izanez gero. Indarkeriaz beteriko odol festa hutsalak izanagatik, bere garaian jende ugari erakarri zuten zinema aretoetara Ramboren filmek. Akziozko film haiek omendu nahi omen ditu telesailak. Horrez gain, Ramboren eta semearen arteko harremanean sakonduko ei du. Ezin espero, ordea, drama existentzial sakon eta katramilatsurik pertsonaiei dagokienez. Aitzitik, nolako zura, halako ezpala. Semea ere soldadu ohia izango da, antza. Beraz, Rambotarrak poesiak idazten baino, bazterrak odolez zipriztintzen espero beharko… Bestela izan al daiteke, bada?