New York

saltJakien gatz kopuruaz ohartarazi behar dute jatetxeek

Iazko abendutik, gatz dezente daramaten platerak ongi identifikatuak zerbitzatzen dituzte New Yorkeko jatetxeek. Bezeroen osasuna zaintzeko xedez hiriko agintariek onarturiko arau batek behartzen ditu horretara. Izan ere, jakina da gatz gehiegi hartzeak osasun arazo mordoxka eragin dezakeela. Ondorioz, jatetxeek gatz kopuru handiko jakien berri eman behar diete bezeroei, gatzontzi itxurako ikur baten bitartez. Zehazki, 2.300 miligramo sodio (gatzaren osagaia) baino gehiago duten plateretan ipini behar dute sinboloa, horixe baita adituek helduei begira gomendatzen duten gehienezko kopurua eguneko. Nolanahi ere, jatetxe guztiek ez dute araua bete behar, soilik jatetxe kateek eta gutxienez hamabost filial izanez gero. Araua onartu zutenetik, hiru hileko epea dute jatetxeek hura betetzeko. Bestela, 200 dolarreko isunak jasoko dituzte. Neurria nahiko mugatua da, beraz. Osasun arrazoiak oinarri, lehendik ere hartuak dituzte New Yorken janariak kontrolatzeko neurriak. Esaterako, azukredun freskagarriak ontzi handietan saltzea debekatu nahi izan zuten, baina atzera egin behar izan zuten hiriko osasun agintariek. Oraingoan ere negozio helburuak osasun arrazoiei gailenduko zaizkien laster ikusiko da.