Euskara

kontseiluaAldaketa xede, elkarlanean aritzeko eskaintza egin dio Kontseiluak Nafarroako Gobernuari

Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko asmoz, elkarlanaren bidea proposatu dio Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako Gobernuari. Orain arteko Nafarroako gobernuek euskararekiko eta euskaldunen hizkuntza-eskubideekiko izandako jarreraren aurrean, Gobernu berriak aurrerapausoak eman dituela deritzo Kontseiluak, nahiz eta ez nahikotzat jo. Horren adibide da duela gutxi Kontseiluak eginiko kritika: 2016ko aurrekontuetan euskarari eskainitako baliabideak gutxi zirela adierazi zuen. Nolanahi ere, Kontseiluaren ustez, une egokia izan daiteke Euskararen Legea aldatzeko. Horrenbestez, hiru proposamen egin dizkio Gobernuari. Lehena, jakina, Euskararen Legea aldatzea, urratsez urrats jardunda eta gizartean legea aldatzeko beharra ongi azalduta. Bigarrena elkarlanerako deia izan da. Horretarako, Euskararen Nafar Kontseilua baliatzea iradoki du Kontseiluak, betiere batzorde horri (Gobernuko eta zenbait erakundetako kideak biltzen ditu) kide gehiago batzen bazaizkio: euskalgintzako bi eta euskararen arloan ospea duten zazpi, zehazki. Azkenik, Gobernuaren aurrekontu osoaren % 2 hizkuntza-politikarako baliatzea, oraingo baliabideak ez direla nahikoak argudiatuta.