Asmakizuna

kartera

Gehiegi ez gastatzeko diru-zorroa



Arduraz jokatzea baino modu hoberik ez da erosketak egiteko orduan dirurik ez xahutzeko. Diru-zorroa gehiegitan ez astintzeko beste modu bat asmatu dute, ostera, Dundeeko (Eskozia) Jordanstone Arte eta Diseinu Eskolako hiru ikaslek: kreditu txartela hartzen den bakoitzean ohartarazpenak egiten dituen diru-zorroa. Arrunta da, marroi kolorekoa, baina sentsore bati esker, kreditu txartela gordetzeko lekua zaintzen du. Sentsoreak mugimendua sumatzean, diru-zorroa “hizketan” hasten da. Hala, txartela ateratzen saiatzean, “Ezta pentsatu ere!” esaten du diru-zorroak. Kasurik egin ezean, aldiz, “Gorde ezazu” entzungo du txartelaren erabiltzaileak. Denbora batez txartela kanpoan edukiz gero, erosketa egintzat ematen du diru-zorroak, eta, ondorioz, eroslea lotsarazteko esanak botatzen ditu. “Ez al duzu uste gehiegizkoa dela?” eta “Ez, berriro ez!” modukoak, adibidez. Alta, txartela bere lekuan fite uzten bada, portaera hori txalotzen du: “Banekien, bai, kasu egingo zenidala” esaten du. Oraingoz, ez dute merkaturatu, egitasmo hutsa baita diru-zorro “zuhurra”.