Turismoa

zenturoiakErroman ez dute nahi ez zenturioirik, ez gladiatorerik

Erromako monumentu historikoen inguruetan ohikoa da gladiatore eta zenturioiak turisten ehizan ikustea. Ustezko “mozorro historikoak” soinean, turistekin batera argazkiak ateratzen dituzte diru truk. Haatik, jarduera hori debekatu dute hiriko agintariek. Debekua betetzen ez dutenek isuna jasoko dute, gehienez ere 400 eurokoa. Horrez gain, mozorroak ere konfiskatuko dizkiete zenturioi eta gladiadoreei. Debeku gehiago ere ezarri dizkiete turisten inguruan sos bila ibiltzen direnei: aurrerantzean, ezin izango dituzte turistak trizikloetan garraiatu, ezta monumentu historikoetara sartzeko ilaretan sarrerak saldu ere. Udal agintariek jakinarazi dutenez, hiriko segurtasuna bermatu nahi dute neurriokin. Antza denez, gladiatore eta zenturioi batzuek zenbaitetan nahiko oldarkor jokatzen dutelako turistekin. Gainera, ondare historiko eta artistikoari zor zaion errespetua ere gorde nahi dute horrela. Berez, 2016ko azarora arte iraungo duen erlijio-ekitaldi baten karietara ezarri dute debekua, Aita Santuak deituriko jubileu berezia egingo baita hirian. Ikusteko dago debekuaren eragina, antzinako Erroman egin ohi zuten moduan borrokarako prest izango baitira gladiatore eta zenturioiak: lehendik ere antzeko neurriak hartu izan dira, eta ez dira sekula bete.