Bertsolaritza

bertsoegunaUrtarrilaren 30ean egingo da Bertso Eguna

Bertsozaleek ohiko hitzordua izango dute urtarrilaren amaieran Donostian. Izan ere, hilaren 30ean egingo dute Bertso Eguna, egun osoko egitarau zabalarekin. Bertsozale Elkarteak oraindik ez ditu jakinarazi egun horretan izango diren ekitaldiak, baina egun osoko festa ziurra izango da. Hots, goizez, arratsaldez eta gauez bertsoak hartuko du Donostia ekimen ugariren bitartez. Goiz partean, ohi denez, hiriko kaleak izango dira bertsoaren plaza nagusi. Ekitaldi nagusia, aldiz, Kursaalen egingo da arratsaldean. Bertso Egunari amaiera ematen dion afaria ere leku berean egingo da, lehen egin ohi zen moduan. Arestian esan bezala, Bertso Egunaren egitaraua urtarrilaren erdialdean zehaztuko du Bertsozale Elkarteak. Dena dela, egitaraua ezagutu gabe ere, gauza bat segurua da: egun osoan bertsolaritzaz gozatzeko abagunea eskainiko du Bertso Egunak. Gabonetan, Bertsozale Elkarteko bazkideek izan dute sarrerak erosteko aukera. Urtarrilaren 6tik aurrera, ostera, nahi duen orok erosi ahal izango ditu www.bertsosarrerak.eus webgunean.